euskara ala ezkara logotipoaUr sakonetan ausartzea erabaki dute Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak. Elkarlanean. Herriko euskalgintzako eta kulturgintzako agente-eragileekin batera. Elgoibarko euskalgintza eta kulturgintza batera biziberritzea da helburu nagusia. Hasi baino ez dira egin, baina bide luzea eta oparoa egiteko intentzioarekin abiatu dira.

Elgoibarren euskalgintza eta kulturgintza indarberritzeko herri-proiektua prestatzea da heburu nagusia. Herriko euskalgintza eta kulturgintza artikulatu eta Elgoibarrerako herri-proiektua prestatzea. Elgoibartarren euskaltzaletasuna areagotzea nahi dute, eta, horretarako, egiteko eta eragiteko modu berriak topatu nahi dituzte.

Dijitalidadea enpresak egin die proposamena Udalari eta Elgoibarko Izarrari, eta berak gidatuko du lan-prozesua.

Euskalgintza eta kulturgintza, batera

Zergatik landu nahi dira euskalgintza eta kulturgintza batera eta norabide berean?

  1. Euskara ez delako normalizatuko kulturgintza osasuntsu ez badago.
  2. Kulturgintza ez delako osasuntsu egongo euskararen erabilerak gora egiten ez badu.
  3. Elgoibartarren euskaltzaletasunak ez duelako aurrera egingo euskara kulturako adar guztiekin ondo artikulatu eta sinkronizatzen ez bada.

Antolatzaileen esanetan, euskalgintza eta kulturgintza txanpon bereko bi aurpegiak dira. Ezin dira bata bestearengandik bereiztu. Biak uztartuko dituen herri-proiektua lantzea da asmoa, bi sektoreetako elkarte eta erakundeekin batera eta elkarlanean. Bakoitzak berean jarraituko du, bere zereginekin, orain arte moduan, baina herri ikuspegiarekin, denona denon artean erabaki eta egiteko bokazioarekin.

40 elkarrizketa beste horrenbeste agente-eragileri

Lan-prozesuaren lehen urratsa Elgoibarko euskalgintzako eta kulturgintzako 40 agente-eragilerekin egotea izan da. Horretarako, 40 laguneko zerrenda bat osatu eta elkarrizketa sakon bati erantzuteko eskatu zaio bakoitzari. Eragileekin aurrez aurre egotea zen asmoa, baina elkarrizketak watsapez eta emailez egin behar izan dituzte, koronabirusak eragindako egoerak hala behartuta. 40 laguneko zerrenda horretan Elgibarko euskalgintzako eta kulturgintzako jendea dago. Elkarrizketak Dijitalidadea enpresako kidea den Gorka Arresek (Zarautz, 1965) egin ditu.

Denona eta denontzat izango den herri-proiektua

Udalak egitasmo honen aldeko apustua egin du herri-proiektu baten beharra ikusten duelako, Elgoibar euskaldunagoa eta kulturzaleagoa izateko. Herriko euskara eta kultura eragileekin elkarlanean aritzeko aukera paregabea izango da. Horregatik, Udalak finantzatuko du lan-prozesua, eta, bereziki, Euskara eta Kultura sailak izango dira ekimen honen eragileak. Euskara Sailak urteak daramatza euskararen erabilera sustatzeko ekintzak eta egitasmoak antolatzen, baina euskararen erabileran aurrera egiteko zailtasunak ditu, eta bidea errazagoa izango da Kulturaren makuluarekin.

Denbora asko une honen zain”

Elgoibarko Izarra da, Udalarekin batera, ekimen honen beste eragilea. Aspalditik sumatu zuten Elgoibarko Izarran horrelako lan-prozesu baten beharra. Elkartetik azaldu dute 2013an, atzera begirako balorazio-lana amaitu zutenean, ikusi zutela, besteak beste, herriko euskalgintzako eragileen arteko elkarlana ezinbestekoa zela. Bakoitzak berean bakarrik jardunda, ezinezkoa izango zela gure herria euskalduntzea. Denbora asko eman dute herri proiektu bat nola artikulatu pentsatzen, eta, azkenean, lanean hasteko moduan daude Dijitalidadea enpresak egindako proposamenari esker. Eta, gainera, euskalgintza eta kulturgintza batera lantzea da euren asmoa, batak bestearen beharra duelako.

Euskara ala Ezkara Elgoibarren? jardunaldia urriaren 3an.

Galdera horri erantzuteko bilduko dira 80 lagun inguru Aita Agirre kulturgunean urriaren 3an. Egun osoko jardunaldia izango da, eta oraindik dena lotuta ez badago ere, hasteko, lan-prozesu honen zergatia eta arrazoi teorikoak landuko dituzte. Zergatik horrelako lan bat? Zer lortzeko? Gero, pare bat herritako esperientziak ezagutzeko aukera ere izango dute. Ondoren, lanaren koordinatzailea den Gorka Arresek hartuko du hitza elgoibartarrei egindako 40 elkarrizketek zer eman duten azaltzeko. Egoeraren deskribapena egingo du zarauztarrak, indarguneak eta ahulguneak azaleratuz. Eta horren segidan etorriko da jardunaldiko atalik garrantzitsuena: zortzi laguneko 10 lantaldetan banatu eta Elgoibarren euskalgintzak eta kulturgintzak bizi duten egoeraren deskribapen edo diagnosia bateratua eta adostua egiten saiatuko dira. Azken hori izango da jardunaldiko egiteko nagusia.

Informazio gehiago jaso eta jardunaldian izena emateko:

  • Elgoibarko Izarra: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. / 943 741 626

  • Udala: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. / 943 744 366