herrian erosi kanpaina iragartzeko kartela

  • Bonu bakoitzak 15 euroko prezioa izango du eta Udalak beste 15 euro gehituko ditu; beraz, azken balioa 30 eurokoa izango da. Pertsona bakoitzak gehienez ere 2 bonu eskuratu ahal izango ditu eta ekainaren 14ra arte egongo dira indarrean.
  • Udalak 60.000 euro bideratuko ditu lehen kanpaina honetara. Txartelak Kalebarren plazako lokalean jarriko dira salgai, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 13:00etara goizez eta 17:00etatik 19:00etara arratsaldez.
  • Udalak 295.000 euro inbertituko ditu hainbat bonu-kanpaina abian jartzeko. Kanpaina horiek ia 600.000 euroko zuzeneko eragina izango dute saltoki eta zerbitzuetan urte eta erdian.
  • Apuntatutako dendak eta zerbitzuak (PDF)

Koronabirusak establezimendu txikietan sortu duen egoera konplexua dela eta, Udala soluzioak bilatzen hasi zen tokiko sektorea suspertzen laguntzeko. Alde horretatik, orain bi aste aurkeztu zen suspertze sozioekonomiko eta kulturalerako udal-planean jasota dagoen bezala, Elgoibarko Udalak herritarrentzako bonoen lehen kanpaina jarriko du abian datorren asteazkenetik aurrera, maiatzak 27. Horretarako, 60.000 euroko bideratuko ditu.

Tokiko kontsumoa bultzatzeko eta elgoibarko familien ekonomia arintzen laguntzeko, lehen 4.000 bonuak jarriko dira salgai herritarren eskura. “Ateak itxi behar izan dituzten tokiko establezimenduak bultzatu nahi ditugu. Ekimen honi esker, Elgoibarko denda eta zerbitzu-sektorea sustatzeaz gain, herritarrek ere onura jasoko dute, herriko zerbitzu eta dendetan kontsumitzeko erosiko dituzten bonoen balioa bikoiztu egingo dugulako Udaletik jartzen dugun diruari esker”, esan du Ane Beitia alkateak.

Beitiak gogorarazi du ekimen hau lankidetzatik eta inplikatutako eragile guztiekin azken asteetan egindako bileretatik sortu dela. Horregatik, adierazi du Elgoibarko herritar guztien elkartasuna, parte-hartzea eta inplikazioa funtsezkoak izango direla “guztiok nahi dugun Elgoibar Bizi-Bizixa” berriro martxan jartzeko.

Non eta nola erosi bonuak

Bonu bakoitzak 15 euroko prezioa izango du eta Udalak beste 15 euro gehituko ditu; beraz, azken balioa 30 eurokoa izango da. Pertsona bakoitzak gehienez ere 2 bonu eskuratu ahal izango ditu eta gutxienez 14 urte beteak izan beharko ditu. Halaber, lehen bonu horiek iraungitze-data izango dute, ekainaren 14ra arte trukatu ahal izango baitira. Orain arte, 64 establezimendu atxiki dira ekimenera. Bonuak kanpainari atxikitako edozein saltoki edo zerbitzutan kontsumitu ahal izango dira.

Bonoak Kalebarren plazako lokalean jarriko dira salgai. Ordutegia: astelehenetik ostiralera, goizez 9:00etatik 13:00etaragoizez eta arratsaldez 17:00etatik 19:00etara.

Urtean eta erdian ia 600.000 euroko eragina zerbitzu eta dendetan

Udalak herritarrak udalerrian erostera animatu nahi ditu. Horregatik, aurten 175.000 euro bideratuko ditu bonuen kanpainak abian jartzeko, nahiz eta proiektuaren benetako eragin ekonomikoa 350.0000 eurokoa izango den 2020an eta 240.000 eurokoa datorren urtean.

Saltokietarako eta zerbitzuen sektorerako bonoez gain, Udalak ostalaritzarako bonuak ere sortuko ditu. 25.000 euroko aurrekontu-partida erreserbatu da ostalaritzako establezimendu guztiak ireki eta guztientzako berme eta aukera berdinak eskaintzen direnean, egun osoan fluxu ekonomikoa sortuko duten bonuak banatzeko.

Era berean, gogorarazi behar da Udalak garrantzitsutzat jotzen duela Elgoibarko kaleak berpiztea, eta horregatik, aurten 80.000 euroko partida aurreikusten du (40.000 saltoki eta zerbitzuetarako eta 40.000 ostalarientzat) kaleak dinamizatzeko. Horrez gain, 80.000 euroko beste partida bat erreserbatuko du 2021erako, eta gainera, beste 30.000 euro jarriko ditu dendetako sarrerak eta erakusleihoak apaintzeko.

Gobernu taldeak adierazi du, datozen asteetan, Elgoibar suspertzeko udal planean jasotako laguntza ekimen berriak jarriko direla abian, tokiko ekonomia babesten jarraitzeko helburuarekin.