herriko antzokia

Elgoibarko Udalaren asmoa da kanpaina berezi bat egitea, nerabeen eta gazteen artean, kultura sustatzeko. Eta horrexegatik, Kultura saila eta Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko saila, elkarlanan ari dira udalerriko nerabe eta gazteak zine eta antzerki saioetara gehiagotan hurbildu daitezen .

Zentzu honetan, Herriko Antzokiko programazioa berrabiarazten denean, Gazte-txartela aurkezten duten gazteek eta nerabeek hiru euroan eskuratu ahal izango dituzte Udalak antolatuko dituen zine eta antzerki emanaldietako sarrerak.

Zinerako sarrerak 6 euroko kostua du. Orain arte, Gazte-txartelarekin hartzen ziren sarrerek 4,5 euroko kostua izan dute. Irailetik aurrera, berriz, Gazte-txartelarekin, 3 euro ordaindu beharko dira.

Horretaz gain, ikuskizun eszenikoetarako sarreren kostua 10 eurokoa da. Orain arte, Gazte-txartelarekin hartzen ziren sarrerek 7 euroko kostua izan dute. Baina urritik aurrera (orduan dago programatuta lehenengo antzezlana), Gazte-txartelarekin, 3 eurotan eskuratu ahal izango dira.

Hain herrikoiak diren prezio hauei esker, Udalak gazteak animatu nahi ditu ikuskizun eszenikoetara eta zine emanaldietara etor daitezen. Bestalde, gogoratu beharra dago, 14-29 urteko nerabe eta gazte guztiek dutela 2019tik gazte txartela, eskatu gabe, doan.

Bestalde, Gotzon Garate Udal Liburutegiak txartelak emango dizkie, liburutegia zabalik dagoen ordutegitik kanpo, ikastera joaten diren pertsonei. Lehenengo txartela doakoa izango da, baina txartela galduz gero, hurrengo txartelak 4 euroko kostua izango du.

Neurriek atzoko osoko bilkuran egin zuten aurrera, 2020ko Ordenantza Fiskalen aldaketa onartzearekin batera.