HAZ

Koronabirusaren hedapenaren faserik kritikoena gainditu ondoren, Elgoibarko Udalak Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoa berriz irekitzea erabaki du, eta ostegunetik aurrera arreta presentziala eskainiko du. Hori bai, Udalak higiene eta segurtasun neurri zorrotzak hartu ditu, deseskalatze fase honek eskatzen duen zuhurtziari erantzunez. Hori dela eta, espazioa berregokitu egin da, itxaron-gela kendu egin da eta banantzeko manparak jarri dira herritarren arretarako mahaietan. Gel hidroalkoholikoa ere izango da.

Halaber, edukiera mugatua izango da. Erabiltzaileek banaka joan beharko dute, mendekotasuna duten pertsonek izan ezik. 14 urte baino gutxiago dutenek senide batekin hurbildu beharko dira salbuespen-egoera honek dirauen bitartean.

Nolanahi ere, udal bulegoetara joan aurretik, 943 741 050 telefonora deitzea gomendatzen da aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzko informazioa jasotzeko. Hala ere, Udalak  interneten bidezko izapideak egitea gomendatzen du, ahal den guztietan.

Ostegun honetako ordutegia 9:00etatik 15:30era izango da. Ostiraletik aurrera, ohiko arreta ordutegia hasiko da, 7:30etik 15:30era.