igogailuen

  • 696.060 euroko aurrekontuarekin eta zazpi hilabeteko exekuzio epearekin, Elgoibarko Udalak lizitaziora atera ditu aste honetan Urazandi auzoko 1 eta 9 zenbakietako blokeen arteko bi eskailera mekanikoen ordez bi igogailu publiko jartzeko obrak.
  • Udalerriko auzo guztietako irisgarritasuna hobetu eta bermatzeko Udal elgoibartarraren estrategiaren barruan kokatzen den jarduera garrantzitsuenetako bat da.

Elgoibartarren irisgarritasuna hobetzen eta bermatzen jarraitzeko asmoz, Elgoibarko Udalak lizitaziora atera ditu (maiatzaren 6an) Urazandi auzoko lehen bi eskailera mekanikoak 1 eta 9 zenbakietako blokeen arteko bi igogailu publikorekin ordezteko obrak. Soluzio mekaniko honek 696.060 euroko (BEZ barne) aurrekontua eta 7 hilabeteko exekuzio epea ditu. Eskaintzak aurkezteko epea ekainaren 2an amaituko da. Udalak lanak irailean zehar hastea aurreikusiten du.

Covid-19ak sortutako alarma egoerak, obra hauen exekuzioa atzeratu du, izan ere, martxoaren 13an ireki zen kontratazio prozeduraren epea eten egin behar izan zen, gainontzeko prozedura administratiboen epeak bezala. Aste honetan altxatu dituzte Madriletik kontratazio epeen etete agindu hau, eta hau jakin bezain laster argitaratu da berriro kontratatzailearen profilean.

Udalerriko auzo guztietako irisgarritasuna hobetu eta bermatzeko Udal elgoibartarraren estrategiaren barnean kokatzen de proiektu garrantzitsuenetako bat da. Udalak onartutako hirugarren Irisgarritasun Planean jasota dagoen jarduera bat da. Dokumentu hau irisgarritasunaren arloan udal gobernuaren lehentasunak markatzen dituen ibilbide-orria da, esparru horretan urrats irmoak eginez aurrera egitea ahalbidetuko dion plana. Bi igogailu hauek inguruko herritar askok helarazitako eskariei erantzuten diete, eta proiektua idatzi ondoren, Udala prest dago lanak lizitatzeko.

Obren deskribapena

Gaur egun, Urazandiko irisgarritasuna eskailera mekanikoekin konpontzen da, eta horrek nabarmen errazten du oinezkoen mugikortasuna auzoko punturik altueneraino. Dena den, eskailera mekanikoek ez dute irisgarritasuna konpontzen auzotar guztientzat. Gurpil-aulkian dauden pertsonek ibilbide irisgarririk gabe jarraitzen dute, Irisgarritasun Legeak ezartzen duen araudiaren arabera. Horrez gain, eskailera mekanikoek mantentze kostu handia dute. Horregatik, Elgoibarko Udalak gaur egungo eskailera mekanikoen ordez igogailuak jartzea erabaki du, aipatutako arazoa konpontzeko.

Gaur egun, Urazandi auzoan dauden desnibelak gainditzeko 6 eskailera mekaniko daude. Obra hauek oinezkoen zirkulaziorik handiena dagokien lehenengo bi eskailera mekanikoak ordeztea aurreikusten dute, desnibel berberak gainditzen dituzten bi igogailurekin. Desnibel hauek 10 metro ingurukoak dira beheko igogailuaren kasuan eta 4 metro ingurukoak goikoaren kasuan. Bi igogailuak egungo eskailera mekanikoen kokaleku berean ipiniko dira hau da, Urazandiko 1. eta 9. blokeen artean.

Lehen igogailuak 14 metro inguruko altuera du guztira, eta 1.500 kg eta 20 pertsonentzako lekua izango du. Azken desnibela 8,35 metroko igogailu batek salbatuko du. Aurreko igogailuak bezala, 1.500 kg eta 20 pertsonentzako edukiera izango du. Igogailura sartzeko, beheko espaloiari lotutako egonaldi eremu txiki bat sortuko da.

Aipatu beharra dago Urazandiko bi igogailu hauen instalatzearekin batera ingurua berrurbanizatzeko zenbait lan ere egingo direla. Euri-uren saneamenduan eta argiteria sarean hobekuntzak egingo dira besteak beste. Proposatutako sare berriak Led teknologiako 7 argi puntu berri eta birjarri beharreko beste bat ditu. Gaur egun hiru puntu baino ez daude.

Era berean, obrek hainbat eragin sortuko dituzte. Ibilgailuen zirkulazioari dagokionez, bai beheko kalean bai goiko kalean, kamioien zamalanek eta garabien posizionamenduak eragina izango dute batzuetan. Beheko kalean, obraren gunean, jaitsierako errailaren zirkulazioa moztuko da. Hala ere, noranzko bikoitza mantenduko da obra osoan, zamalanetako jarduketa puntualetan izan ezik. Horretarako, zirkulazio errail gisa gaituko da Morkaiku kalerantz ezkerretarantz biratzeko erraila, jaisteko noranzkoan. Goiko kalean, aldi baterako kenduko da jarduteko gunearen parean dagoen elbarrientzako aparkalekua. Aldi baterako egun dauden beste aparkalekuetako bati egokituko zaio. Gainera, beheko kaleko 5 aparkaleku inguru okupatuta egongo dira obrak irauten duten bitartean, hondakinen edukiontziak eta obra-etxolak jartzeko.

Oinezkoen zirkulazioari dagokionez, eskailera finkoetatik pasabidea irekita mantenduko da, zenbait alditan izan ezik; kasu horietan, aldi baterako ezin izango da igaro. Horrelakoetan oinezkoentzako ibilbide alternatiboa dago Urazandi kaleari jarraituz. Bai beheko espaloia eta bai goikoa moztuta geratuko dira obrak egiten ari diren guneetan. Bi kasuetan, ibilbide alternatibo bat dago aurreko espaloitik, baina goiko espaloiaren kasuan, aldi baterako bi zebra-bide margotu beharko dira. Azpimarratu beharra dago ere, autobus zerbitzua ipiniko dela obrak irauten duten bitartean, herritarrak auzora gerturatzeko. Obra hasiera gerturatzean zehaztuko dira maiztasunak eta puntuak. Gobernu taldearen helburua, obrek herritarrengan ahalik eta eragin gutxien sortzea da.