Elgoibarko Udaletxea

  • Hurrengo egunetan, udalerriko hainbat sektoretako ordezkariekin hasitako harreman-erronda berraktibatuko du, erantzun-plan bat zehazten jarraitzeko helburuarekin.
  • Udal gobernuak deitoratu egiten du oposizioak azken asteetan izan duen jarrera, eta uste du ez dela unea koronabirusa konfrontazio politikorako arma gisa erabiltzeko.
  • Udalaren finantza-osasun ona dela eta, epe luzerako helburu gisa, Udalak ahalegin guztiak egingo ditu “Elgoibar Bizi bizixa” dinamikoa eta aktiboa berreskuratzeko.

Koronabirusak eragindako osasun eta gizarte-krisiaren aurrean, Elgoibarko Udala lanean ari da merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreetara bideratutako berraktibatze-neurriak bateratzen, bai eta hauen proposamenak eta eskaerak jasotzen ere, erantzun bateratu bat emateko.

“Lehenengo aste hauetan, egoera okerrenean zeuden pertsonei lagundu die Udalak, kolektibo ahulenen premia larrienak asetzen aritu da, hala nola adinekoenak, elikagaiak, higiene-gaiak eta botikak emanez, telefonoz deituz haien egoera ezagutzeko eta haien esanetara jarriz. Zalantzarik gabe, merkataritza eta ostalaritza ere kaltetuenetako batzuk dira. Dagoeneko hitz egin dugu horietako batzuekin, baina gure helburua da neurri multzo zehatz bat prestatu eta adostea, denen beharrei erantzuteko, elkarteko kide izan ala ez. Eta neurri egokiak hartzeko, ezinbestekoa da krisiak tokiko eremuan eragiten duen inpaktu sozial eta ekonomikoa dimentsionatzea, adostasunez egitea, udalerriko establezimendu guztien sentimendua eta errealitatea jasoz”, dio Ane Beitia alkateak.

Alde horretatik, alkateak aurreratu duenez, Udalaren asmoa da erantzun-plan bat elkarlanean diseinatzea, hurrengo asteetan ez ezik, epe ertainera begira ere baliagarria izango dena.

Gobernu taldeak azpimarratu du zerbitzuak, merkatariak eta ostalariak Elgoibarko ekoizpen sarearen funtsezko parte direla eta haien gainean eraikiko dela udalerriaren berreskurapen ekonomiko eta soziala. Horregatik, hainbat sektoretako ordezkariekin hasitako harreman-erronda berraktibatuko dutela esan dute, estrategiak eta erantzun-plan bat zehazten jarraitzeko. “Hurbileko ostalaritza eta merkataritza izan dira beti Udalaren kezka eta zereginetako bat, alarma-egoera deklaratu baino lehen ere bai. Udalak ahal duen guztia egingo du haiei laguntzeko eta Elgoibarko jarduera ekonomikoa dinamizatzeko”, esan dute.

Udalaren jarduketak eta aurreikuspenak COVID-19an

Koronabirusak eragindako osasun-krisiak ezarritako alarma-egoeraren adierazpenetik, Udalak hainbat erabaki hartu ditu. Hurrengo zerrendan, azken asteetan egin diren jarduera garrantzitsuenak eta hartu nahi diren neurriak jasotzen dira:

  • Udalean prebentzio mahaia eratu da. Larrialdi egoerei aurre egiteko. Astero biltzen da.
  • Udal langileei baliabideak eman zaizkie etxetik lan egiteko.
  • Koronabirusari buruzko berariazko gune bat prestatu da web-orrian. Bertan, Udalak hartutako neurri guztiak eta herritarrentzat interesgarriak izan daitezkeen gainerako berriak (diru-laguntzak...) jasotzen dira.
  • Boluntarioen sareekin lankidetzan aritzea. Eskertzekoa da hasieratik hartu duten indarra. Bereziki Nagusilanen Zilarrezko Haria telefonoak eta Guztion Artean ekimenak Gurutze Gorriaren bidez.
  • Hipoteka zorraren luzapena eskatzeko udal tramiteak erraztu dira.
  • Kirol instalazioak itxi direnez, Olaizagako igerilekuetan mantentze lanak egin dira.
  • Gaztelekuak sare sozialetako jarduera indartu du, nerabeekin harreman zuzenagoa izateko.
  • Gizarte Zerbitzuek hartu dute pisu handiena: 
    • ElgoibarrenGERTU WhatsApp zerbitzua jarri da martxan eta 24 orduz funtzionatzen duen SATEVI telefonoa indartu da laguntza psikologikoa eta asistentziala eskaintzeko helburuarekin.
    • Laguntza pertsonalizatua bermatuta dago behar duten elgoibartar guztiei.
    • Gizarte larrialdietarako laguntzak indartu dira eta horietara iristeko bideak egokitu dira, ahalik eta pertsona eta familia gehienei laguntzeko.
    • San Lazaroko egoitzan Mekak egindako babes-maskarak banatu dira.
    • Eskualde mailako koordinazioa funtsezkoa da behartsuenengana iristeko. Debako aterpetxea horren adibide da.
  • 2020ko AURREKONTUAK erabat aldatu beharko dira, eta lehentasun berriak ezarri:
    • Pertsonak aurrekontu berrien erdian jarriko dira, gehien behar dutenei laguntzeko. Hala, gizarte-zerbitzuek pisu eta baliabide gehiago izango dituzte.
    • Merkatariei eta ostalariei laguntzeko bide berriak sustatuko dira. Horretarako, hainbat ekimen sustatuko dira udalerrian erosketa bultzatzeko.
    • Hasieratik, erraztasunak eman dira sektore horiei zerga eta tasetan laguntzeko:
      • Jendearentzat itxita dauden bitartean, denda, taberna, kafetegi, jatetxe eta gainerako jarduera profesionaletan hondakinak biltzeko tasaren kobrantza eten egin zen. Ekainean kobrantza arruntaren erdia aplikatuko zaie.
      • Osasun krisian terrazak jartzeari dagokion tasa ere ez zaie kobratuko. Kasu horretan ere ekaineko kobrantza arruntaren erdia aplikatuko zaie.
      • Neurri bera aplikatuko da jabari publikoak instalazio batzuekin okupatzen duen tasari dagokionez. Ekainean kobrantza arruntaren erdia aplikatuko zaie. Udal emakidako tabernetako alokairuen kobrantza eten egin zen.
      • Udalaren Kirol Patronatuaren ordainketaren zati proportzionala itzultzea. Halaber, maiatzean, Patronatuak kirol ikastaro birtualak eskainiko ditu. Erabiltzaileek egunero egin ditzakete spinning, zumba, pilates, GAP edo entrenamendu funtzionalen saioak, hilean 15 euroko tarifa finkoarekin. Eskaintza zabala diseinatu da, astean 34 saio egiteko.
      • Ibilgailuen gaineko zerga ordaintzeko epea irailaren 15era arte luzatu da.
      • Administrazio-epeak eten egin dira, 463/2020 Errege Dekretuak jasotzen duen bezala.

Etorkizunari begira, ostalariei dagokienez, terrazetako distantziak mantentzeko eta mahai kopurua asko ez murrizteko, establezimendu bakoitzari hirigintza-azterketa pertsonalizatua egiten ari da Udala, egin daitezkeen egokitzapenak aztertzeko.

Gainera, Udala terraza eta zabor-tasa denboran zehar nola murriztu aztertzen ari da, Udalaren presio fiskala murrizteko eta ostalariei eta dendariei laguntzeko. “Gehiago egin badezakegu, urtean zehar egingo dugu, gure esku dagoen guztia egingo dugu. Baina oraindik ez dakigu zehatz mehatz Udalak legegintzaldi honetan izango dituen baliabide ekonomikoak zeintzuk izango diren. Argi duguna da diru-sarrerak murriztu egingo direla, eta urte korapilatsuak izango direla bai ekitaldi hau, bai legegintzalditik geratzen direnak. Ziurgabetasun testuinguru horrek gastuaren kontrol zorrotza eskatuko du. Horregatik guztiagatik, erantzukizunez jokatu behar dugu. Baliabideak mugatuak dira, eta eraginkortasunez erabili behar ditugu udaleskumenen arabera, bikoiztasunik sortu gabe”, adierazi du udal gobernuak.

Udal arduradunen arabera, hirigintza arloan proiektu estrategikoak burutzeko eta mantentze eta garbiketa zerbitzuaren kalitateari eusteko konpromisoa mantenduko da. Urazandiko igogailuen instalazioari eutsiko zaio eta igerilekua handitzeko obrekin jarraituko da, baita Arriaga industrialdeko obrekin ere, besteak beste. Kulturan, birusa pasatu ondoren normaltasun berria izango dugu eta gauzak ez dira lehen bezala izango. Trinitate jaiak ezin izango dira formatu tradizionalean egin, baina Udala beste bide batzuk aztertzen ari da danborrada eta musika eskolarekin.

Denok batera lan egitea “Elgoibar Bizi bizixa” berreskuratzeko

Udal gobernua atsekabetutaeta kezkati dago oposizioko talde batzuk azken asteetan egiten ari diren erasoengatik udalaren kudeaketari. ·Pandemia baten erdian, oso egoera zailean, ordezkari politikoentzat ez ezik, baita udaleko langileentzat ere, denok batera arraun egin behar dugun une batean, kritikak etengabeak izan baitira.

Udal gobernuak uste du koronabirusa ez dela erabili behar konfrontazio politikorako arma gisa, “praktikoak izan behar dugu eta politika kudeaketa-tresna gisa erabili behar dugu datozen urteetan izango ditugun zailtasunak gainditzeko. Eta horretarako, Elgoibarrek zerbitzari publiko guztiak bere maialn egotea behar ditu, bai gobernatzen daudenak bai oposiziokoak. Lankidetzan aritzeko, proposamen bateratuak egiteko eta Udala ahuldu nahi duten eta mundu-tragedia batetik etekin politikoa atera nahi dutenen jarrera berekoiak alde batera uzteko prest dauden arduradun politiko arduratsuak behar ditu Elgoibarrek”.

Alde horretatik, Udalaren osasun finantzarioa ona da. Zero zorra, azken 10 urteetan zero defizita eta aurreko ekitaldietako soberakin-saldo positiboa indar bihurtzen dira aurkezten diren erronkei aurre egin ahal izateko.

Epe luzerako helburu gisa, Udalak ahalegin guztiak egingo ditu “Elgoibar Bizi bizixa” dinamikoa eta aktiboa berreskuratzeko, guztiok parte hartzen dugun Elgoibar bat. Beraz, ardatz estrategikoetako bat dinamizazioa izango da, hainbat arlotan: gizartea, kirola, prestakuntza, merkataritza eta kultura. Azken kasu horretan, tokiko kultura-sektoreari lagunduko zaio, eta hura sustatzeko estrategia berriak indartuko dira.