sare sozialen kanpaina iragartzeko kartelak

Elgoibarko Gaztelekuak bere presentzia eta aisia eskaintza eraldatu egin behar izan du etxetik kanpoko ekintzak eten diren egun hauetan. Azkenaldian, Gaztelekuak sare sozialetan duen presentzia hazten joan da, bertatik ere zerbitzua eskainiz azken urteetan, normalean lokal edo ekintzetara gerturatzen ez diren pertsonekin harremana mantendu, arreta eskaini eta azken finean Gaztelekua gertukoa izan dadin. Zerbitzu birtual bat alegia. 

Momentu honetan ezinbesteko erreminta bihurtu dira sare sozialak, eta zuzeneko harremanen bidez gai desberdinak lantzeko aukera paregabea dira, Instagram-a, Whatsapp-a, Skype-a eta abar. 
 
Gaztelekuaren kasuan lanketa desberdinak ari dira burutzen:
  • Nerabeekin bakarka edo taldean elkarrizketak, Instagram, Whatsapp eta Skypez, egunero 17:00-20:00 bitartean.
  • Instagram eta WhatsAppez, Gaztelekuak sortutako edo interesgarria izan daitekeen materiala elkarbanatzen ari dira. Berrogeialdian hartu beharreko neurriak, ekintza proposamenak (eskulanak, sukaldaritza errezetak, ikusteko pelikula eta serieen gomendioak), ariketa fisikoa egiteko baliabideak, emozioen kudeaketa lantzeko pausuak, besteak beste. Orain arte egindako argitalpen guztiak Instagrameko istorioen atalean aurkitu daitezke “40aldiaEtxean” izenarekin.
  • Instagramez nerabeek parte har dezaten galderak planteatzen ari dira, nerabeek feedback-a izan dezaten, momentu lasaigarri eta dibertigarri bat pasa dezaten, aurrez aurre egon ez arren, Gaztelekua hor dagoela jakin dezaten.
Egoera hau ez da erraza inorentzat, ezta nerabeentzat ere. Nerabeek berdinekin sozializatzeko beharra dute bizitzan dauden nerabezaroko etapan. Baina berrogeialdian, lagunekin egoteko espazioa mugatuta ikusi dute eta familiarekin espazioak eta denbora partekatu behar dituzte. Horregatik, gurasoek errutinak zehaztu, arau eta ardurak definitu eta etxean ekintza alternatiboak eskaintzeko informazioa nahi izanez gero, Gaztelekuarekin harremanetan jartzeko kontaktuak eskaintzen dira: bai Whatsappez (628170330), e-mailez (Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.) eta Instagramez (@elgoibarkogaztelekua).