Adikzioak FORO IREKIA

  • Plana aberasteko helburuarekin, otsailaren 6an, osteguna, 18:00etan, Aita Agirre Kulturguneko Areto Nagusian izango den lantaldean parte hartzeko gonbita luzatzen die Udalak udalerriko elkarte eta bizilagunei.

Elgoibarko Udalak Adikzioen inguruko diagnosia egiteko prozesua jarri du martxan, Adikzioen II. Tokiko Plana egiteko.

Diagnosia prestatu ahal izateko, 12-25 urte bitarteko ikasleen artean inkesta bat egin du Udalak, herriko ikastetxeekin elkarlanean. Horretaz gain, beste inkesta parte-hartzaile bat diseinatu da, une honetan, udalaren webgunean edo honako esteka honetan bete daitekeena: https://labur.eus/I32Vi Horrela bada, elkarteak eta herritarrak inkesta horretan parte hartzera gonbidatu nahi ditu Udalak, gaiaren inguruan gogoeta egin eta beraien iritziak kontuan izateko.

Plan hau prestatzeko aukeratutako metodologiak gizarte eragile ezberdinen parte-hartzea eskatzen du, eta horregatik, hainbat partaidetza foro antolatu dira:

  • Udal langile eta politikarien foroa.

  • Dendari, ostalari eta osasun agenteen foroa.

  • Guraso elkarte eta ikastetxeen foroa.

  • Elkarte eta herritarren foroa.

Horiek guztiak kontuan izanda, otsailaren 6an, osteguna, 18:00etan, Aita Agirre Kulturguneko Areto Nagusian izango den lantaldean parte hartzeko gonbita luzatzen die Udalak udalerriko elkarteei eta bizilagunei.

Saio hau, proiektu honi laguntza teknikoa emateko kontratatu den SASOIA SL aholkularitza enpresako kide adituek zuzenduko dute. Esan beharra dago baita, Aita Agirreko gela balioaniztunean Zaintza Zerbitzua eskainiko dela, arratsaldeko 17:45tik 20:15etara.