Proiektuen irudi birtuala
Proiektuaren irudi birtuala
  • Eraikitze-sistema aldatu egingo da eta zulaketa lanak mikropilotezko hormak erabiliz gauzatuko dira.

 

 

Hirigintzako batzordean aho batez onartu ondoren, Elgoibarko Udalbatzak gaur arratsaldean jorratuko du Olaizagako igerileku estalien proiektua aldatzeko proposamena.

Eraikina birgaitzeko obren zuzendariak eta arkitektoak urtarrilean egindako txosten baten arabera, “behin zulaketa lanetan hasita, ustekabeko arrazoi teknikoak agertu ziren, Proiektu Teknikoa egiterako momentuan detektatzea ezinezkoak direnak eta horregatik, beharrezkotzat jotzen da aldaketa bat egitea proiektuan obrak zuzen exektutatu daitezen”.

Bestalde, Iosu Arraiz Hirigintza zinegotziaren esanetan “proposatzen den aldaketa funtsezkoa da eraikina behar den bezala eraikitzeko eta batez ere, guztion segurtasuna bermatzeko. Proiektuaren idazketa fasean egin zen lehenengo ikerketa geoteknikoan jasotako informazioa ez dator bat zulaketa eta botatze lanen ondoren aurkitutako egoerarekin. Horregatik, bigarren ikerketa bat egin behar izan dugu”.

Ikerketa honetan lursaila gehiago karakterizatu da eta honek, igerilekuen zulaketako eraikitze sisteman eragin zuzena ekarri du. Batatxe bitartez zulatu beharrean, mikropilotezko hormen bitartez zulatuko dira Mekara eta honen tailerrera begira dauden hormak. Era honetan, modu seguruago baten eraikiko da, bai langileei begira, bai bi eraikinen egiturei dagokionez.

Bigarren azterketa geotekniko honetan, alboetako fronteetan lurraren bultzada handiagoa dela egiaztatu da, eta beraz, egiturari beharrezko egonkortasuna emango dioten soluzioak ezarri behar zaizkio. Jarraian, beharrezkoak diren jarduerak deskribatzen dira:

  • Lurrei eusteko, 180 mm-ko diametroa duen mikropilote-pantaila egingo da 75 zm-tik behin. Pantaila horrek ebaki-lerro eta euste-funtzioak egingo ditu, horma aurretik eraikitzeko.
  • Pretensatutako eta postensatutako hormigoizko habeak, estalkiko habeak egiteko.
  • 3 hormako txarrantxatze-habeak.
  • Lauza trinkoko forjatuak. Aldaketa honek ekarriko duen azken zenbatekoa 367.758,26 eurokoa izango da (BEZa barne). Aldaketa hauen proposamenean beharrezkoak diren jarduketa berrien ondorioz, lanak bukatzeko epea hiru hilabete luzatzea proposatzen da.

Igerilekuak handitzeko proiektuaren ezaugarriak

Eraikinaren hego-ekialdeko alderdian bolumen berri bat eraikiko da, igerileku-ontzi berria bertan kokatuz. Ontzi berri honek ondoko neurriak izango ditu: 25 metro luze eta 16,50 metro zabal; hau da, 8 kale izango ditu, bakoitzak 2 metroko zabalera izango du, eta gutxi gorabehera 450 metro karratuko ur geruza bat.

Aldagelak berritu eta gela zein aldagela lagungarriekin osatuko dira. Gaur egun, bi aldagela daude, eta jarduera berri honen bidez, eraberritu eta handitu egingo dira, beste bi aldagela, aldagela egokituak, komunak eta botikina egin ostean.

Honez gain, igerileku-ontzi berriarentzat baliagarriak izango diren instalazioak eraikiko dira. Ontziaren sarbidea mantentze lanak eta zamalanak egiteko egokia izango da.

Kiroldegiaren ingurua ere berrantolatu egingo da. Horretarako aparkalekuak egingo dira zabalpen berriaren teilatuan, egungo orubean dagoen aparkalekuaren ordez.

Azaldutako jarduera guzti hauen ondorioz, eraikinak bere kanpoko irudia ere aldatu egingo du. Besteak beste, eraikinaren hego-ekialdeko alderdian bolumen angeluzuzen berri bat eraikiko da eta bere fatxadetariko batek leiho handi bat izango du, igerileku berriari argi naturala sartzen utziko diona.

Honez gain, azpimarratu beharra dago, igerileku estaliak handitzeko proiektu honek, etorkizunera begira, gaur egungo igerilekuen eta kiroldegiaren beraren berrantolaketa burutzeko aukera ematen diola Udalari. Elgoibarko udalerriak 18 kirol elkarte eta 300 ikasle baino gehiago ditu inskribatuta. Udal instalazioek 3.500 pertsona abonatu baino gehiago dituzte eta urteko 100.000 erabilpen baino gehiago. Zenbaki hauek, udalerrian dauden kirol instalazioek pairatzen duten intentsitate handiko erabileraren erakusgarri dira.