Iazko azokako postu bat
2019ko Gabon Zaharretako azokaren aurkezpena
  • Ehun saltokitik gora jarriko dira bertako produktuak erakutsi eta saltzeko. Halaber, okasiorako ekintza ugari antolatu dira Elgoibarko gune desberdinetan.
  • Aurreko edizioetan bezala, gaztagilerik onenak izango dira Elgoibarren, nor baino nor, 2019ko gazta onenaren saria eskuratzeko helburuarekin.
  • Programa

Jada tradizioa den moduan, Elgoibarrek urteko azken larunbatean Gabon Zaharretako nekazaritza eta abeltzaintza feria ospatuko du. Gaur bertan Ane Beitia Elgoibarko Alkateak, Andrea Arriola Elgoibarko Udaleko kultura zinegotziak, Blanca Salegi Kulturako udal-teknikariak, Iñigo Loiola landa arloko zinegotzi arduradunak eta Kalamua Elkarteko Juan José Galdos eta Agustin Irustak, azokaren hamabigarren edizioaren nondik norakoak azaldu dituzte. Abenduaren 28an ospatuko da eta konkretuki 127 saltoki jarriko dira bertako produktuak erakutsi eta saltzeko.

Okasiorako, Elgoibarko Udalak, beste hainbat laguntzaileekin batera, erdigunean izango diren hainbat jarduera antolatu ditu herriko hainbat gunetan denek ahalik eta gehien disfrutatu dezaten. Aurten ere, fruta, barazki eta ganadu erakusketa eta lehiaketak, eta halaber, urteko gazta onenaren txapelketa izango dira feria honetako ekitaldirik nagusienak. Gabon Zahar feria goizeko 8:30ean hasi eta 14:00ak aldera bukatuko da, halere, arratsaldean bestelako ekintzak ere egingo dira Elgoibarren, besteak beste: erromeria, I. Bereziartua Musika eta Dantza Eskolak antolatuta (18:00etanKalegoen plazan), idi gazteen probak Sigma Probaleku Herri Kirol Elkartearen eskutik (21:00etan Sigmako probalekuan) edota Parrokiako Jaiotza (9:00etatik 21:00etara Parrokiako kaperan).

Ildo horretatik, azpimarratu nahiko nuke bertako produktuak kontsumitzeak zer nolako garrantzia duen gure gizartearen iraunkortasuna indartzeko. Horrela bada, hauxe dugu gure mahaiak produktu bikainez hornitzeko aukera paregabea” aipatu du Ane Beitia alkateak. Izan ere, gero eta gehiago dira ferian elkartzen diren ekoizleak, eta gero eta ugariagoak eta landuagoak eskaintzen dizkiguten produktuak. “Halaber, gure abeltzainek hazitako animaliak izango ditugu, baita urtez urte maila gorena erakusten duen gazta lehiaketa ere”, gehitu du alkateak.

Norberak landatutako fruta eta barazki sariketa-erakusketari dagokionez, 9:00ak aldera, epaimahaiak erakusketa bisitatuko du, eta erabakia jaso ondoren, 10:30ean, salmenta hasiko da. Sariak emateko orduan, honako baldintza hauek hartuko dira kontuan: salgaien kalitatea, mota ezberdinetako salgaiak erakutsi eta saltzea, mota bakoitzeko aldaera edo barietate desberdinak erakutsi eta saltzea. Halaber, 400 euroko sari bat emango zaio mendiak hobekien zaintzen dituen baserriko jabeari.

Feria eguna girotzeko, Baltzola eta Lagunak trikitilariak izango dira; Elgoibarko Kale Kantariak taldeak, bestalde, euskal abesti herrikoiak eskainiko ditu, eta Kalegoen Plazan, I. Bereziartua Musika eta Dantza Eskolak antolatutako erromeria izango da.

Bolatokiko parkera, Lekueder eta Kalebarren plazara hurbiltzen direnak, hainbat abereren erakusketaz, produktuen salmentaz eta labeldun saiheski pintxoez gozatu ahal izango dute. Pedro Migel Urruzunon burdineria eta nekazaritza-makineria erakusketa egingo da, eta Parrokiako kaperan, Parrokiako Jaiotza erakutsiko da. Era berean, aipatzekoa da ArTaldek Maalako parkean, 10:00etatik 14:30etara, egingo duen artisauen erakustaldia eta produktuen salmenta. Halaber, 11:00etatik 14:30etara falkoneria erakustaldia egingo da Kalebarren plazan. Eta 21:00ak aldera, berriz, idi gazteen proba egingo da, Sigmako probalekuan, Sigma Probaleku Herri Kirol Elkartearen eskutik.

2019ko Gazta Lehiaketa

Gazta Lehiaketa Gabon Zahar feriako ekimenik esanguratsuenetarikoa da. Aurten ere, gaztagilerik onenak izango dira Elgoibarren, nor baino nor, 2019ko gazta onenaren saria eskuratzeko helburuarekin. Gazta Txapelketako irabazleak, 1.500 euroko saria, txapela eta garaikurra lortuko ditu.

Aurtengo gazta txapelduna aukeratzeko lehiaketa, Kalamua Elkarteak antolatua, 12:00etatik aurrera jarriko da martxan Udaletxean, Uxue Alberdi, Mañukorta eta Meabebasterretxea bertsolarien partaidetzarekin. Eta 13:30etan, Udaletxeko Areto Nagusian, fruta, barazki eta gazta lehiaketaren sari banaketari ekingo zaio.

Iaz bezala, Gazta Txapelketa zuzenean jarraitzeko asmoa duten pertsonek, streaming bidez ikusteko aukera izango dute, 12:00etatik 14:00etara.

Azkenik alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie “jai egun hori antolatzen buru-belarri jarduten duten elkarte, erakunde eta norbanako guztiei; horien lana eta laguntza ezinbestekoak baitira, Gabon Zaharretako feria ospatu ahal izateko” eta bide batez, feriara bertaratzeko gonbita luzatu nahi izan du “guztiok, herritar nahiz kanpotar, gonbidatu nahi zaituztet jai egun berezi honetaz bakean eta alaitasunean, eta bereziki, elkarrenganako errespetuan gozatzera”.