San Roke kaleko aparkalekuak

  • Kuarteleko zein San Roke kaleko 10 aparkaleku ezin izango dira erabili.
  • Lanek 14 hilabeteko iraupena izango dute eta Construcciones Amenabar enpresak burutuko ditu, 2,8 milioi euroren truke.

Elgoibarko Udalak aste honen amaieran abiaraziko ditu Olaizaga kiroldegiko igerileku estaliak handitzeko obrak. Lanak maiatzean esleitu ziren eta Construcciones Amenabar S.A. izango da obrak burutzeaz arduratuko den enpresa 2.881.142,40 (BEZa kanpo) euroren truke. Obrek, gutxi gorabehera, 14 hilabeteko iraupena izango dute eta lehen fase honetan kiroldegiaren inguruan eraginak izango dira.

Lehenengo egunetan itxiturak eta obrako kasetak ekarriko dituzte eta ondoren, eraispen zein zulaketa lanekin hasiko dira. Horretarako, bertan abisatuko bada ere, Kuarteleko aparkalekuak ezin izango dira erabili, ezta orubearen azpiko zonaldean (San Roke kalean) dauden beste 10 aparkalekuak ere. “Ubitartegain eremuko etxebizitza eta urbanizazioa egin ahal izateko eta zirkulazio arazoak ekiditzeko asmoz, aste batzuk atzeratu behar izan ditugu obrak. Euri urak jasoko dituen hodi bat sartu behar izan da San Roke kaletik Santa Ana kaleko biribilgunera arte, eta honen ondorioz, San Rokerako sarrera bakarra egon da erabilgarri. Orain, obra horiek pixkanaka aurrera doazen heinean, igerilekuko obrak martxan jarriko ditugu” adierazi du Ane Beitia alkateak.

Igerilekuaren handitzearen proiektuari dagokionez, neurri edo jarduera desberdinak jasotzen ditu. Horien artean, eraikinaren hego-ekialdeko alderdian bolumen berri bat eraikiko da, igerileku-ontzi berria bertan kokatuz. Ontzi berri honek ondoko neurriak izango ditu: 25 metro luze eta 16,50 metro zabal; hau da, 8 kale izango ditu, bakoitzak 2 metroko zabalera izango du, eta gutxi gorabehera 450 metro karratuko ur geruza bat.

Aldagelak berritu eta gela zein aldagela lagungarriekin osatuko dira. Gaur egun, bi aldagela daude, eta jarduera berri honen bidez, eraberritu eta handitu egingo dira, beste bi aldagela, aldagela egokituak, komunak eta botikina egin ostean.

Honez gain, igerileku-ontzi berriarentzat baliagarriak izango diren instalazioak eraikiko dira. Ontziaren sarbidea mantentze lanak eta zamalanak egiteko egokia izango da.

Kiroldegiaren ingurua ere berrantolatu egingo da. Horretarako aparkalekuak egingo dira zabalpen berriaren teilatuan, egungo orubean dagoen aparkalekuaren ordez.

Azaldutako jarduera guzti hauen ondorioz, eraikinak bere kanpoko irudia ere aldatu egingo du. Besteak beste, eraikinaren hego-ekialdeko alderdian bolumen angeluzuzen berri bat eraikiko da eta bere fatxadetariko batek leiho handi bat izango du, igerileku berriari argi naturala sartzen utziko diona.

Honez gain, azpimarratu beharra dago, igerileku estaliak handitzeko proiektu honek, etorkizunera begira, gaur egungo igerilekuen eta kiroldegiaren beraren berrantolaketa burutzeko aukera ematen diola Udalari.

Elgoibarko udalerriak 18 kirol elkarte eta 300 ikasle baino gehiago ditu inskribatuta. Udal instalazioek 3.500 pertsona abonatu baino gehiago dituzte eta urteko 100.000 erabilpen baino gehiago. Zenbaki hauek, udalerrian dauden kirol instalazioek pairatzen duten intentsitate handiko erabileraren erakusgarri dira.