igogailua01
Datorren astelehenean, urriaren 28an, emango zaie hasiera Bernardo Ezenarro kaleko igogailu publikoa  aldatzeko obrei. Elgoibarko Udalak guztira 15.000 euro bideratu ditu lanetara zerbitzuak azken hilabeteetan sufritu dituen matxurak behin betiko konpontzeko helburuarekin. Funtzionamendu arazo hauek tarteko, zerbitzuz kanpo egon izan da igogailua. 

Thyssen Krupp enpresa arduratuko da igogailuaren kabina eta estribua aldatzeko lanetaz. Obrak bi edo hiru astez luzatuko dira. Denbora tarte honetan, beheko espaloiaren zati bat hesituta egongo da, baina oinezkoek pasatzeko aukera izango dute, trafikoari eragin gabe.  Goiko aldea ere hesituta egongo da. Honez gain, informazio kartel batzuk ere ezarri dira, zerbitzuaren behin behineko itxieraren berri emateko.

Anbulatorioaren parean kokatuta dagoen igogailu publiko honek erabilera handia du, egunero, batez beste 1.000 bidaia eginez gutxi gorabehera. Era berean, igogailu honek bandalismo kasuak ere pairatu ditu, azkena San Bartolome jaietan. Horregatik, Udalak igogailuaren erabilera egokia egiteko deia luzatzen die herritarrei. Mantenua Udalaren ardura izan arren, erabilera egokia erabiltzaile guztion ardura baita.