Altzolako infografia
Infografia Altzola2
  • Udalak 158.389 euro (BEZa barne) bideratuko ditu, lanek lau hilabeteko iraupena izango dute eta Construcciones Aplibur SL enpresak egingo ditu.
  • Guztira, 140 metro karratu izango ditu espazio berriak, lokal diafanoa izango da eta aukera desberdinak eskainiko ditu. Espazioa malgua izango da, argiztapen berria izango du, LED teknologiadun fokoak ezarriko dira, egokitutako bi komun eta erradiadore elektrikoak instalatuko dira.
  • Plaza birzolatuko da eta banku berriak jarriko dira. Lorategi-zelai gune bat ere sortuko da.

Elgoibarko Udalak bihar hasiko ditu Altzolako Karmen plazan dagoen udal eraikina eta ondoko plaza hobetzeko lanak. Udalak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, guztira 158.389 euro (BEZa barne) bideratuko ditu obrak gauzatzeko. Lanak lau hilabetez luzatuko dira eta Construcciones Aplibur SL enpresak egingo ditu. Altzolako eremua Birgaitze Integraleko eremu gisa izendatuta dago. Hori dela eta, eremu hori babesteko, kontserbatzeko eta hobetzeko xedea duten ekintza bereziak egingo dira, bertako bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko.

Nahiz eta fatxadan, garbiketa eta pintaketa lanak egin eta teilatua ere konponduko den, eraberritzeak, eraikinaren barnealdeari eragingo dio gehienbat. Zehazki, egun hiru lokalez osatuta dagoen eraikina, proiektu berri honekin, lokal bakar baten bihurtzeko aukera egongo da. Guztira, 140 metro karratu izango ditu espazio berriak, lokal diafanoa izango da eta aukera desberdinak eskainiko ditu. Horretarako, hormak, sabaiak eta zorua berriztatuko dira herritarren beharrizanetara egokitzeko aukera eskainiko duen espazio malgu bat sortuz (jendetza batu dezaketen ekitaldiak, bazkariak, filmeen emanaldia, auzolagunen bilerak, kartetan jolasteko, umeek jolasteko…). Laburbilduz, moldagarria izango da, giro txikiagoetarako espazioak sortu ahal izango dira, bi edota hiru espaziotan zatitu ahalko baita. Beraz, lokal osoa espazio bat bezala erabiltzeko aukera egongo da, baina bizilagunen beharrizanen arabera, hiru lokal ere egokitu ahal izango dira, tabike mugikor eta kortinen bitartez.

Espazioak, argiztapen berria izango du, LED teknologiadun fokoak ezarriko dira. Bestalde, egokitutako bi komun ere izango ditu eta erradiadore elektrikoak instalatuko dira lokala berotzeko.