Irailean Elgoibarko Udaleko Gizarte Ongizate Sailak eta Udal Kirol Patronatuak Elgoibar Sasoian egitasmoa martxan jarriko dute. Bizitza aktiboa izatea nahi duten 60 urte baino gehiagoko elgoibartarrek parte hartu dezakete programa honetan eta horretarako Udal Kirol Patronatuko bazkide izan beharko dira. Elgoibar Sasoian  hiru ardatz nagusitan banatzen da:

  • Jarduera fisikoa: jarduera fisikoa sustatzea eta pertsonen kualitate fisikoak denboran irautea izango dira ardatz honen helburuak. Saioak Elena Rodríguez eta Jone Garatek gidatuko dituzte Olaizaga Kiroldegian, IMH kiroldegian eta Mintxetan garatuko dira eta ordu beteko iraupena izango dute. Klaseak Elena Rodríguezekin astelehen, asteazken eta ostiraletan izango dira 9:00etan eta 16:00etan eta Jone Garaterekin, aldiz, astelehen, asteazken eta ostegunetan 10:00etan eta 11:00etan. Sesio hauei irailaren 9an emango zaie hasiera.
  • Garapen eta ahalduntze pertsonala: ardatz honen helburua ongizatea, bizi-kalitatea eta garapen pertsonala sustatzea izango da. Unai Arrieta psikologoak gidatuko ditu asteartero Kultur Etxean emango diren saioak. Irailaren 10ean emango zaio hasiera.
  • Orientazio zerbitzua: bizitza aktiboago bat izateko aholku eta orientazio profesionala emango ditu Jone Garate teknikariak, astean hiru egunetan, Olaizaga Kiroldegian eta anbulatorioan. Irailaren 9an emango zaio hasiera.

Programa honetan parte hartzea nahi dutenek Olaizaga Kiroldegiko Harreran eman behar dute izena.