• Elgoibarko Udalak irailean doako bi prestakuntza ikastaro egiteko aukera eskainiko die hiru sektore hauetako profesionalei salmentak eta bezeroarekiko arreta gaitasunak eta abileziak hobetzeko.
  • Parte hartzeko, eskaera orria bete behar da, 2019ko uztailaren 25a baino lehen. Eskaera orri hori Herritarren Arreta Zerbitzuan (Santa Ana kalea 2) eskuratu ahal izango da.

Elgoibarko Udalak, Sustapen Ekonomiko eta Enplegu sailaren bitartez, merkataritza, zerbitzu eta ostalaritza sektoreetako profesionalei zuzendutako doako prestakuntza ikastaroak antolatu ditu, hauen salmentak eta bezeroarekiko arreta gaitasunak eta abileziak hobetzeko helburuarekin.

Udala konbentzituta dago hezkuntza edo formazioa, gure herriko merkataritza, zerbitzu eta ostalaritzako sektoreak etengabe hobetzen, gaurkotzen eta modernizatzen joateko ezinbesteko tresna dela. Laguntza eskaini nahi diegu, bezero potentzialen aurrean duten jokabidea hobetzeko azken tendentziak eta ezagutzak zeintzuk diren jakinarazi nahi diegu”, esan du Ane Beitia Elgoibarko alkateak.

Esan bezala, elkarren artean loturik dauden bi saio egingo dira, bezeroari buruzko ikuspegi osoa lortzeko. Lehenengo prestakuntza saioan erosketa gogoangarriaren esperientzia landuko da: Zergatik erosi behar dizut zuri, eta ez, beste norbaiti? Bigarren saioaren gaia, berriz, hauxe izango da: Salmenta ez da ekintza, prozesua baizik. Ba al dakizu zure bezeroek zer espero duten?

Lehenengo prestakuntza saioa irailaren 10ean izango da, eta bigarrena, berriz, irailaren 24an.

  • Tokia: Kultur Etxeko hitzaldi gela (2. solairua).

  • 14:00etatik 17:00etara.

  • Plaza mugatuak 7 pertsonarentzat.

  • Prezioa: dohainik.

Prestakuntza saio hauetan parte hartzen duten partaide guztiek, nahi izanez gero, ordubeteko banakako saio bat egiteko aukera izango dute, bakoitzaren establezimenduan, prestakuntza saioetan landuko diren gaiak praktikatu ahal izateko. Saio hauek irailaren 25ean eta 27an egingo dira.

Ikastaro hauetan parte hartu ahal izateko, eskaera orria bete behar da, 2019ko uztailaren 25a baino lehen. Eskaera orri hori Herritarren Arreta Zerbitzuan (Santa Ana kalea 2) eskuratu ahal izango da.