Infografia Altzola
Infografia Altzola
  • Udalak 162.000 euro baino gehiago bideratuko ditu 140 metro karratuko lokala eraberritu eta Karmen plazan hobekuntzak egiteko.
  • Espazioa malgua izango da, argiztapen berria izango du, LED teknologiadun fokoak ezarriko dira, egokitutako bi komun eta erradiadore elektrikoak instalatuko dira lokala berotzeko besteak beste.

 

Elgoibarko Udalak Altzolako Karmen plaza 2. zenbakian dagoen udal eraikina eta ondoko plaza hobetzeko proiektua lizitaziora atera ditu. Udalak guztira 162.373,87 euro (BEZa barne) bideratuko ditu lanetara eta behin lanak esleituta, obrek lau hilabeteko exekuzio epea izango dute.

Altzolako eremua Birgaitze Integraleko eremu gisa izendatuta dago. Hori dela eta, eremu hori babesteko, kontserbatzeko eta hobetzeko xedea duten ekintza bereziak egingo dira, bertako bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko.

Egun, lokala erabilgarri dago eta auzoko bizilagunen topaketarako espazio gisa funtzionatzen du. Eraikina, hiru lokalez osatuta dago eta proiektu berri honekin, lokal bakar baten bihurtzeko aukera egongo da. Guztira, 140 metro karratu izango ditu espazio berriak, lokal diafanoa izango da eta aukera desberdinak eskainiko ditu. Izan ere, moldagarria izango da, giro txikiagoetarako espazioak sortu ahal izango dira, bi edota hiru espaziotan zatitu ahalko baita. Beraz, lokal osoa espazio bat bezala erabiltzeko aukera egongo da, baina bizilagunen beharrizanen arabera, hiru lokal ere egokitu ahal izango dira.

Eraberritzeak, eraikinaren barnekaldeari eragingo dio gehien bat, nahiz eta fatxadan, garbiketa eta pintaketa lanak ere egingo diren. Teilatua ere konponduko da. Barruan, hormak, sabaiak eta zorua berriztatuko dira. Esan bezala, espazioaren distribuzio edo banaketa berri bat egingo da, tabike mugikor eta kortinen bitartez, lokala espazio desberdinetan zatitzeko aukera eskainiz. “Espazio malgua izango da, Altzolatarren beharrizanetara egokitzeko aukera eskainiko duena. Jendetza batu dezaketen ekitaldiak, bazkariak, filmeen emanaldiak…antolatu ahalko dira, baina baita xumeagoak direnak ere, auzolagunen bilerak, kartetan jolasteko, umeek jolasteko…

Altzolatar guztientzako egingo den obra bat da, edonork izango baitu lokalera sartzeko aukera, jubilatu, heldu, gazte, ume…” esan du Ane Beitia Elgoibarko alkateak.

Espazioak, argiztapen berria izango du, LED teknologiadun fokoak ezarriko dira. Bestalde, egokitutako bi komun ere izango ditu eta erradiadore elektrikoak instalatuko dira lokala berotzeko.

Plazari dagokionez, eraikinera sartzeko espazio gisa funtzionatzen jarraituko du eta birzolatu egingo da, herritarrentzako banku berriak ezarriko dira. Plazako gune diafanoak 3 metroko zabalera izango du, modu honetan, behar izatekotan, ibilgailuak eraikinaren sarrerara arte heldu ahal izango dira (anbulantzia, materiala kargatzeko eta deskargatzeko, etab.). Bestalde, lorategi-zelai gune bat sortzea ere proposatzen da egungo zuhaitzen “arnasketa” erraztuko eta plazaren muga eta babesgune gisa funtzionatuko duena.