Udako aisia kirol programaren aurkezpena

  • Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen sailetik bideratutako eskaintza ekainaren 24etik uztailaren 19ra bitartean gauzatuko da; eta aurten, berritasun gisa txikienei zuzendutako Apapan izeneko programa berria abiarazi da, beraientzat propio diseinatutako programazioarekin.
  • Nerabeentzako aisia programa, Gaztelekutik antolatuko da. Aurten 13 eta 17 urte bitarteko nerabeentzako hainbat ekintza egingo dira eta ekintzak ez dira adinaren arabera bereiziko.
  • Ekainaren 24an, Udal Kirol Patronatuak antolatutako Kirol Kanpusa hasiko da eta 6 eta 13 urte bitarteko 268 haur eta gaztek hartuko dute parte. Udako Kirol kanpainan beste 70 parte-hartzaile izango dira igeriketa, Zumba-Krosfit eta Spinning Gaztea ikastaroetan. Guztira, 338 partaide izango dira Udal Kirol Patronatuko udako eskaintzan.

Beste urte batez, Elgoibarko Udalak udako oporraldirako haurrentzako eta nerabeentzako kirol eta aisia programa abiarazi du, txiki eta gazteen aisiarako aukera berdintasuna bermatzeko helburuarekin. Gaur bertan, Ane Beitia, Elgoibarko alkateak; Maialen Gurrutxaga, Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko zinegotziak; Gorka Garaizabal, Kirol zinegotziak; Maialen Aranguren, Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko teknikariak eta Txintxurreta, Atxutxiamaika, Ludoteka eta Gaztelekuko ordezkariek, besteak beste, eskaintzaren nondik norakoak aurkeztu dituzte.

 

Ekitaldian Ane Beitia alkateak adierazi duenez aisia eskaintzak, “haur eta nerabeei gozatzeko eta garatzeko aukera ematen die”. Halaber, gehitu nahi izan du, “haur eta nerabeek aisiarako aukera berdintasuna izan dezaten Udalak, dirulaguntza anitzak eman ditu”.

Haurrentzako udako aisia

Nahiz eta dagoeneko Ludoteka eta Gaztelekutik ekintza bereziak martxan diren, Haurrentzako Udako Aisia eskaintza ekainaren 24tik uztailaren 19ra bitartean gauzatuko da. Elgoibarko Ludoteka (Zehar, Heziketa eta Programak elkarteak kudeatua) eta Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneko Atxutxiamaika egitasmoaren bitartez elkarlanean antolatu da.

Adin tarte desberdinei zuzendutako bost programa izango dira, txanda desberdinetan garatuko direnak:

  • APAPAN (HH2ko haurrei zuzendua)

  • APARIKETAN (HH3-HH4ko haurrei zuzenduta)

  • FIRIN FARAN (HH5-LH1ko haurrei zuzenduta)

  • ABIXADAN (LH2-LH3ko haurrei zuzenduta)

  • ALDENIK ALDEN (LH4-LH6ko haurrei zuzenduta)

Guztira 2-12 urte bitarteko 348 haurrek parte hartuko dute eta 40 hezitzaile izango dira lanean. Aurten, berrikuntza txikienen programa berria izango da, Apapan izenekoa. Txikienen, eskaintza bereiztearen apustua egin da, beraientzat propio diseinatutako programazioarekin.

Nerabeentzako udako aisia

Nerabeentzako aisia programa, Gaztelekutik antolatuko da. Aurten 13 eta 17 urte bitarteko nerabeentzako hainbat ekintza egingo dira eta ekintzak ez dira adinaren arabera bereiziko. Escape Room ezberdinetara hainbat irteera antolatzeaz gain, aurten bigarren urtez jarraian Tamariten (Tarragona) astebeteko egonaldian parte hartuko dute ia 40 nerabek. Aparteko ekintzak egongo dira: egunpasak, arratsalde pasak, afari meriendak eta hainbat tailer, adibidez jaietarako kamiseta tailerra Egur Arte Tailerrarekin eta Bullet Journal-ak sortzeko tailerra ere eskainiko da. Azkenik, 2007an jaiotako haurrei ere eskaintza egingo zaie hurrengo ikasturtera begira zerbitzua ezagutu ahal izateko.

Kirol Kanpusa eta Uda Kirol kanpaina

Aipatzekoa da ere, astelehenean, ekainak 24, Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak antolatutako Kirol Kanpusa hasiko dela. Ekimenean, 6 eta 13 urte bitarteko 268 haur eta nerabek hartuko dute parte, astelehenetik ostiralera, 9:30etik 12:30era, lau astez, uztailaren 19ra arte. Bertan, 12 monitore izango dira.

Kirol Kanpusaz gain, Udako Kirol kanpaina ere jarriko da martxan. Kasu honetan, igeriketa, Zumba-Krosfit eta Spinning Gaztea ikastaroetan 70 haur eta gaztek parte hartuko dute. Guztira, 338 partaide izango dira Udal Kirol Patronatuko udako eskaintzan.

Udalak dirulaguntzak emango ditu Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapen sailetik antolatutako aisia eskaintzan haur eta nerabe guztien parte hartzeko aukera berdintasuna bermatzeko

Elgoibarko Udalak, haurrek eta nerabeek aisiarako duten eskubidean oinarrituta, guztien parte hartzea bermatzeko dirulaguntzak eskainiko ditu. Horretarako Gipuzkoako Foru Aldundiaren irizpideak eta Ludoteka zerbitzuan Udalak aplikatzen dituen irizpideak izan dira kontutan.

Konkretuki, honakoak izan dira onurak:

  • Familia ugariek eta guraso bakarrekoek kuotaren % 30-eko dirulaguntza izan dute.

  • Familia ugaria izan gabe, bigarren seme-alabak parte hartzeagatik, honen kuotaren % 30-eko dirulaguntza izan dute.

  • Gizarte izaerako laguntzen (DSBE eta GLL) onuradunek % 70-eko dirulaguntza izan dute.

Haurrentzako eskaintzari dagokionez, guztira 86 familia izan dira onuradunak eta honek 4.500 euroko kostua suposatu dio Udalari. Nerabeentzako eskaintzaren kasuan, 12 eskaera jaso dira, baina dirulaguntzen esleipena oraindik tramitean dago.