Kartela

  • Ekainaren 28an ospatzen den Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna dela eta, ekainaren 14tik uztailaren 1era arte, jarduera desberdinak antolatu ditu Elgoibarko Udalak, Batxilergoko Hezkidetza taldearekin, Emakumeen Kontseiluarekin, Elgoibarko Izarrarekin eta Naizen elkartearekin elkarlanean.

Datorren ekainaren 28an Sexu Askapenaren Nazioarte Eguna ospatzen da, LGTBI+ kolektiboaren askapenaren eguna, “harrotasunaren eguna” bezala ere ezagutzen da. Egun honen helburua, genero eta sexu aniztasuna ezagutzera ematea, LGTBI+ kolektiboaren eskubideak aitortzea eta jasaten duten diskriminazioa salatzea da.

Data berezi honen bueltan, Elgoibarko Udaleko berdintasun sailak, Batxilergoko Hezkidetza taldearekin, Elgoibarko Emakumeen Kontseiluarekin, Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon topagunearekin eta Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkartearekin elkarlanean, bost ekintza antolatu ditu, ekainaren 14an, 26an, 28an eta uztailaren 1ean burutuko direnak:

  1. Ekainaren 14an, ostirala, 19:00etan, Kultur Etxeko hitzaldi gelan “Transexualitatea aniztasunaren adibide bat” tertulia izango da, Ander Iriarte gazte transexualarekin. Anderrek lehen pertsonan bizi duen errealitatea kontatuko du. Saiora gerturatuko diren herritarrek, gai honen inguruan izan ditzaketen kezka, galderak… erantzuten ahaleginduko da. 18 urte ditu gaur egun Anderrek eta 15 urte zituela kontatu zuen etxean transexuala zela.

  2. Ekainaren 26an, asteazkena, 19:00etan, Maalako parkean, “Ortzadarra” ekimena: Batxilergoko Hezkidetza Taldeak Maalako parkeko gune bat ortzadarraren koloreekin margotuko du. Modu sinboliko baten, Elgoibar ere, LGTBI+ kolektiboarekin lagunkoia dela erakutsi nahi da.

  3. Aurreko hileko Kiribilen plazako ekintzan, maitasun askearen eta aniztasunaren gaia landu zuten herriko familiekin. Ekainaren 28an, www.barren.eus atarian, bertan grabatutako irudiekin osatutako bideoa aurkeztuko da, “Maitasun askea” tituluduna.

  4. Ekainaren 28an, 12:00etan, Elkarretaratzea egingo da Batxilergoko Hezkidetza Taldeak antolatuta eta bertan manifestua irakurriko dute.

  5. Uztailaren 1ean, 18:00etan, Kultur Etxeko hitzaldi gelan, Emakumeentzako Jabetze Eskolaren barruan, “Sexualitate anitzak” izeneko saioa eskainiko da. Bertan, LGTBI+ kolektiboarekin sentsibilizazioaren inguruan eta Elgoibarko errealitatearen inguruan hausnartuko da. Maiatzaren 17an aditzera eman zen notiziaren inguruan ere arituko dira; “Transexualak gaixotzat ez jotzeko lege aldaketa abian da Eusko Legebiltzarrean”.