Aste nagusia
 
Maiatzaren 24tik 31ra Elgoibarko Ludotekak X. Aste Nagusia ospatuko du eta okasiorako egun horietan zehar haur eta helduentzako hainbat ekintza antolatu dira.

Maiatzaren 24an ostirala, jaiei hasiera emateko, txupinazoa eta pregoia izango dira Maalan. Jolas ezberdinekin gozatu, musikaz barrua dantzan jarri eta kartel lehiaketako sariak banatuko dira. Maiatzaren 27an astelehena, Artista Eguna ospatuko da, zeinetan haurrek oihal ezberdinak margotzeko aukera izango duten jolasaren bitartez. Maiatzak 28an, Zirko Eguna izango da eta 29an Natura Eguna eta egun horietan ekintzak haurrekin adostuko dira.  Ostegunean, maiatzak 30, Top Txef izeneko ekimena abiaraziko da. Pintxo goxoak prestatuko dituzte parte-hartzaileek eta gero familiek dastatzeko aukera izango dute (ekintza honetan parte hartzeko izena eman beharko da Ludotekan). Azkenik, Aste Nagusiarekin bukatzeko, ostiralean maiatzak 31, Kirolari Eguna ospatuko da. Haur eta familien arteko futbolin txapelketa egongo da eta eguna ondo amaitzeko mokadu bat jateko aukera izango dute partaideek (izena egunean bertan emango da).

Aipatzekoa da Txupinazo Eguna kenduta, gainontzeko ekintzak Ludotekan egingo direla. Antolatzaileek adierazi dutenez, “denon gustuko jaiak izatea nahi dugu, beraz elkarrekin gozatu eta ondo pasatzera gonbidatzen zaituztegu!”.