gu ere 2018 2
gu ere 2018

Elgoibarko Udalak finantzatutako eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak zuzendutako “Ahozkotasuna eta bertsogintza” proiektuan jardun duten ikasleek, asteazken honetan, maiatzak 22, bertso-jaialdi bat egingo dute ikasturtean zehar egin duten lanaren erakusgarri. Jaialdiak Elgoibarko Herriko Antzokian izango dira, 17:30ean, LH4koak, eta 19.00etan, LH5ekoak, eta sarrera doakoa izango da bi kasuetan.

Hain zuzen ere, Herri Eskolako eta Ikastolako LH4 eta 5 mailetako 256 ikasle igoko dira oholtza gainera. Ekitaldia irekia izango da; beraz, doinu, neurri eta errimez gozatzea gustuko duen edonor bertara daiteke, ikasle, irakasle eta gurasoez gain.

Elgoibarko Udalak eta Gipuzkoako Bertsozaleen Elkarteak elkarlanean sustatzen dute Gu Ere Bertsotan proiektua, 2005-2006 ikasturteaz geroztik.

Aurtengoa, proiektu honen 14. edizioa izan da, eta bertan parte hartu duten ikasleek, astean, ordubete eskaini diote ahozkotasuna lantzeari, horretarako bitarteko tresna bertsoa izan dutelarik. Irati Artetxek zuzendu ditu aurtengo ikasturteko saioak, eta ikuspegi pedagogiko batetik, lau arlo landu ditu nagusiki: hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonala nahiz soziala.

Elgoibarko Udalaren Euskara Sailak gonbite berezia egin nahi die proiektu honetan parte hartu duten ikasleen gurasoei, euren seme-alabek ikasturtean landutakoaren emaitza ikustera joan daitezen.