Eskolako-Agenda-21eko-udalbatzarra
  • Aurtengo ikasturtean “Hondakinak” gaia landu dute Elgoibarko ikasleek, Eskolako Agenda 21 programaren baitan.
  • Gaur goizean udalbatzar berezia egin da Elgoibarko Udaletxean eta ikasleek urtean zehar egindako lanaren ondorioak eta egoera hobetzeko proposamenak eraman dituzte udalbatzarrera.
  • Iaz Udalak hartutako konpromisoen egoera (PDF)

Gaur, asteartea, goizeko 11:00etan, Eskolako Agenda 21eko udalbatzarra egin da Elgoibarko Udaletxean. Elgoibarko 5 ikastetxetako 60 ikasle-ordezkari inguru batu dira bertan: IES Elgoibar, MEKA, Elgoibar Ikastola, Elgoibarko Herri Eskola eta IMH.

Aurtengo ikasturtean hondakinen gaia landu dute ikasleek Eskolako Agenda 21 programaren baitan. Egitasmo hau aurrera eramateko, Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen du eta ikastetxeek Elgoibarko Udalaren, Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatearen, Ingurugelaren eta Debegesa Garapen Agentziaren laguntza dute.

 

Urtean zehar hondakinen gaia lantzeko hainbat ekintza burutu dituzte ikastetxeetan. Besteak beste, zaborra ongi sailkatzeko ekintzak bideratu dituzte eta eskualdeko birziklapen tasak ikertu dituzte. Elgoibarko hondakin ezberdinen zikloak ere aztertu dituzte.

 

Behin egoeraren diagnostikoa eginda, ikasleek Udalbatzarrean aurkeztu dituzte ateratako ondorioak, baita euren eskaera eta proposamenak ere, hiri jasangarri bat eraikitze aldera. Halaber, aurten ikasleek hainbat konpromiso hartu dituzte birziklapen tasak hobetzeko eta edukiontziak ezberdinak beharren arabera kokatzeko.

Ikasleek Udalari egindako ekarpenetatik azpimarragarrienak hauek izan dira:

  • Zaborra modu egokian sailkatzeko edukiontzi eta zakarrontzi gehiago ipintzea ikastetxeetan eta baita gozoki denden kanpoaldeetan ere.
  • Hondakinen sorrera murrizteko eta birziklapena bultzatzeko kanpaina ezberdinak abiaraztea.
  • Edukiontziak erosoagoak izateko moldatzea.
  • Ikastetxeetako hondakin bereziak, hau da, rotulkiak, tippexak eta abarrak biltzeko edukiontziak ipintzea Terracycle proiektuaren baitan.

Udal ordezkariek ikasleen proposamenak adi entzun eta erantzun dituzte eta eskerrak eman dizkie Elgoibarko ikastetxeei Eskolako Agenda 21ean egindako lanarengatik.

Eskolako Agenda 21 Debabarrenean

Udaletxeekin elkarlanean, 17 urte daramatza Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, eskualdean Eskolako Agenda 21 egitasmoa sustatzen eta koordinatzen. Eskola-komunitateari zuzendutako garapen jasangarrirako heziketa programa bat da Eskolako Agenda 21. Egitasmoak hiru helburu ditu:

  • Ikastetxeak ingurumen eta gizarte jardunbide egokien eredu bihurtzea.
  • Ingurumen eta gizarte-arazoak identifikatzeko eta horiei konponbidea emateko gai diren ikasleak heztea.
  • Partaidetza eta ingurumenarekiko errespetua sustatzen duen hezkuntza bermatzea.

Guztira, 26 ikastetxe eta 8.000 ikasle baino gehiago ari dira parte hartzen Debabarrenean Eskolako Agenda 21 programan. Programaren baitan, hezkuntza komunitate osoari zuzendutako ekintzak antolatzen dira, ikasle, irakasle eta familiei.