Elgoibarko Udalak Elgoibarko lanbide heziketaren eta industriaren XI. jardunaldiak antolatu ditu gure herriko Lanbide Heziketa eta industria ezagutzera emateko eta sektore horrek egungo gizartean duen garrantzia adierazteko. Gauzak horrela, martxoaren 20tik 22ra, Elgoibar Ikastolako eta Arreiturre Institutuko ikasleek bertatik bertara ezagutzen ari dira lanbide heziketako ikasleen eta Cometel enpresako langileen bizipenak.

Hala, martxoaren 20an, 21ean eta 22an DBH 3ko ikasleek Elgoibarko IMH eta MEKA Lanbide Eskola bisitatzen ari dira. Elgoibarko IMHk eta MEKA Lanbide Eskolak, berriz, ikastetxeak erakutsi eta Lanbide Heziketa nola ikasten den azaltzeaz gain, bizipenak eta esperientziak partekatzen ari dira Ikastolako eta Institutuko ikasleekin.

Halaber, egun hauetan zehar, DBH 4ko ikasleek Cometel enpresa bisitatzen ari dira, eta dinamika atsegin baten bidez, baita bertako langileak elkarrizketatzen ere, industria arloko enpresa batek nola funtzionatzen duen ulertzeko.