Puntu EUS hitzarmena 1
Puntu EUS hitzarmena 2
• Gaur goizean bertan Ane Beitia Elgoibarko Alkateak eta Iñaki Goirizelaiak PuntuEUS Fundazioaren Lehendakariak sinatu dute lankidetza hitzarmena.
• PuntuEUS Fundazioa duela bost urte sortu zen irabazi asmorik gabeko erakunde pribatua da, eta horren helburua euskara eta euskal kultura sustatzea eta euskara eta euskal kulturaren komunitatea kohesionatzea da.

Elgoibarko Udalak Altzolatarren Dorretxeko lehenengo solairuko zati bat lagako dio PuntuEus Fundazioari, Fundazioak bertan bere proiektuak garatu ditzan. Gaur goizean bertan Ane Beitia Elgoibarko Alkateak eta Iñaki Goirizelaiak PuntuEUS Fundazioaren Lehendakariak sinatu dute lankidetza hitzarmena.

Egun PuntuEUS Fundazioak ez du egoitza finkorik bere eguneroko jarduna gauzatzeko eta muga ekonomikoak direla eta, ez dute posible ikusten lokala hartzeko aukera. Elgoibarko Udalak bat egiten du PuntuEUS Fundazioaren helburuekin, hots, euskara eta euskal kultura sustatzea eta euskara eta euskal kulturaren komunitatea kohesionatzea, hori dela eta, Udalak begi onez ikusten du lankidetza hitzarmen bat sinatzea Fundazioaren proiektuak garatzen laguntza emateko. Akordio honen bidez, Elgoibarko Udalak, konkretuki lehenengo solairuko 100,82 m2-ko azalera duen gela bat lagako dio PuntuEus Fundazioari, zeinetan egun Euskara eta Kultura Sailek okupatzen duten. Aita Agirre eraikina eraberritzeko lanak bukatzen direnean Euskara eta Kultura Sailak bertan kokatuko dira, beraz, Altzolatarren Dorretxeko espacio hau libre geldituko da eta PuntuEus Fundazioa bertan instalatuko da. Lagapenaren iraupena 10 urtekoa izango da.

 

Ane Beitia alkatearen esanetan “Udala eta Fundazioaren arteko kolaborazio publiko-pribatu hau garrantzitsua da oso, izan ere, honi esker, euskararen aldeko aurrerapauso sendoa ematen dugu, ez bakarrik elgoibartarren onurarako, baita euskaldun guztien onurarako ere. Elgoibarrek euskara, euskal kultura eta euskal komunitateari laguntza eskaini nahi dio”.

PuntuEUS Fundazioa, 5 urte euskara eta euskal kultura sustatzen

PuntuEUS Fundazioa duela bost urte sortu zen irabazi asmorik gabeko erakunde pribatua da, eta horren helburua euskara eta euskal kultura sustatzea eta euskara eta euskal kulturaren komunitatea kohesionatzea da. Fundazioa .EUS domeinua kudeatu, kontrolatu eta administratzeko ardura duen erakundea da. Domeinua, euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen Interneteko goi mailako domeinu orokorra da; euskara beste hizkuntzen mailan kokatuko duen, euskararen normalizazioan lagunduko duen eta euskararen herriari nazioarteko aitortza eskainiko dion tresna, alegia.

Egun 9.500 inguru dira erregistratutako .eus domeinuak eta aipatzekoa da PuntuEus Fundazioaren sortzailea PuntuEus Elkartea dela eta bertako kideen artean, nabarmentzekoak dira, besteak beste: Eitb, EKE-ICB (Euskal Kultur Erakundea), Esle (Euskadiko software enpresen Elkartea), Euskal idazleen elkartea, Euskaltel, Euskaltzaindia, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua eta EHU (Euskal Herriko Unibertsitatea).