muguerzamargo

  • Marrazki sarituak eta sarituak izan gabe aukeraketan onenen artean izan direnak, Kiroldegian jarriko dira ikusgai otsailaren 1etik 28ra bitartean.

Arratsaldeko 19:00etan banatu dira gaur, Elgoibarko Udaletxean, Nazioarteko Juan Muguerza Krosaren harira, Udalak eta Mintxeta Atletismo Taldeak herriko 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako marrazki lehiaketako sariak. Guztira 337 umek hartu dute parte aurtengo edizioan eta epaimahaikideen esanetan, urtero bezala, maila oneko marrazkiak aurkeztu dira eta lan potoloa egin behar izan dute aukeraketa egiteko.

Marrazki sarituak eta sarituak izan gabe aukeraketan onenen artean izan direnak, Kiroldegian jarriko dira ikusgai otsailaren 1etik 28ra bitartean.

Sariei dagokionez, herriko kirol dendetarako erosketa baleak izan dira. Guztira 60 euroko 6 bale banatu dira irabazleen artean, bi bale kategoria bakoitzeko. Hauexek izan dira edizio honetako irabazleak:

  1. Lehen kategorian (LH1-2): Sare Meabebazterretxea Sanz (2019ko Kros Mugertza) eta Kenai Ibañez Fernandez (La, la, la krosa aurrera).
  2. Bigarren kategorian (LH3-4): Duna Santos Otegi (Denok desberdinak izan arren, denok krosera!) eta Elaia Etxaniz Irureta (Korrikalariak aurkezten).
  3. Hirugarren kategorian (LH5-6): Juan Gabilondo Iranzo (Juan Mugertza 76) eta Aiana Ibañez Fernandez (Batzuetan irabazten duzu, beste batzuetan ikasi).

Mintxeta Atletismo Taldeak eta Elgoibarko Udalak zorionak eta eskerrak eman nahi dizkie saridunei eta lehiaketako parte hartzaile guztiei.

Gogoratu beharra dago Krosa dela, eta aurreko edizioaren arrakasta ikusita, Elgoibarko Gaztelekuak 2001 eta 2006 urteen artean jaiotako nerabeei zuzendutako Instagram lehiaketa antolatu duela bigarren aldiz. Parte hartzeko honako pausuak jarraitu beharko dira:

  • Instagramen Elgoibarko Gaztelekua (elgoibarkogaztelekua) jarraitu.
  • Juan Muguerza Krosaren LXXVI. edizioaren inguruko argazki bat atera.
  • Argazkia Instagramera igo. Ezinbestekoa da argazkietan Gaztelekua etiketatzea.

Lanak urtarrilaren 20a baino lehen aurkeztu beharko dira eta bi sari banatuko dira: orokorra,150 eurokoa eta publikoarena, 100 eurokoa. Publikoaren sarirako botoa Gaztelekuan emango da eta argazki guztiekin erakusketa bat egingo da Gaztelekuan bertan.