gaztelekuak antolatutako argazki lehiaketaren kartela

  • Elgoibarko Udalak eta Mintxeta Atletismo Taldeak antolatutako marrazki lehiaketako lanen aukeraketa bihar egingo da, arratsaldeko 15:00etan.
  • Bihar bertan, 17:00etan, Muguerza Krosean parte hartuko duten hiru atleta Ludotekara bertaratuko dira, umeekin solasaldian aritzeko.
  • Krosa dela eta aurreko edizioaren arrakasta ikusita, Elgoibarko Gaztelekuak 2001 eta 2006 urteen artean jaiotako nerabeei zuzendutako Instagram lehiaketa antolatu du bigarren aldiz. Lanak urtarrilaren 20a baino lehen aurkeztu beharko dira.
Urtero lez, Elgoibarko Udalak, Haur eta Gazteen Sustapeneko Sailaren bitartez, eta Mintxeta Atletismo Taldeak Elgoibarko 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako “LXXVI. Juan Muguerza Krosa 2019” IV. Marrazki Lehiaketa antolatu dute. Aurtengo gaia “2019ko LXXIV. Juan Muguerza Krosa, herriaren eta lasterketaren arteko harremana” izan da eta lehenengo mailako ikasleek atzora arte izan zuten lanak aurkezteko aukera.

Lan guztiak jasota, bihar bertan, arratsaldeko 15:00etan, epaimahaiak, Mintxeta Atletismo taldeko kide batez, Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Teknikariaz, Ludotekako Koordinatzaileaz eta marrazketan aditu batez osaturikoa, irabazleak aukeratuko ditu. Horretarako, adina eta ikasketa mailaz gain, lanaren alderdi hezitzailea ere baloratuko da.

Guztira 3 maila egongo dira (Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleak, Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleak eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleak) eta maila bakoitzean bi sari banatuko dira. Sariak herriko kirol dendetan erabiltzeko erosketa txartelak izango dira eta urtarrilaren 12an banatuko dira, 19:00etan, Udaletxean, 2019ko Juan Muguerza Kroseko korrikalarien aurkezpena hasi baino lehen. Saritutako marrazkiak Olaizaga Kiroldegian egongo dira ikusgai, otsailaren 1etik 28ra bitartean.

Azpimarratzekoa da ere, bihar bertan, urtarrilak 10, arratsaldeko 17:00ak aldera, Muguerza Krosean parte hartuko duten hiru atleta Ludotekara bertaratuko direla, besteak beste: Stanley Waithaka (Kenya), Selemon Barega (Ethiopia) eta Yasemin Can (Turkia, baina izatez keniarra). Bertan, haurrek harrera egingo diete eta beraiekin solasteko aukera izango dute.

Martxan da II. Instagram lehiaketa

Krosa dela eta aurreko edizioaren arrakasta ikusita, Elgoibarko Gaztelekuak 2001 eta 2006 urteen artean jaiotako nerabeei zuzendutako Instagram lehiaketa antolatu du bigarren aldiz. Parte hartzeko honako pausuak jarraitu beharko dira:

  • Instagramen Elgoibarko Gaztelekua (elgoibarkogaztelekua) jarraitu.
  • Juan Muguerza Krosaren LXXVI. edizioaren inguruko argazki bat atera.
  • Argazkia Instagramera igo. Ezinbestekoa da argazkietan Gaztelekua etiketatzea.

Lanak urtarrilaren 20a baino lehen aurkeztu beharko dira eta bi sari banatuko dira: orokorra,150 eurokoa eta publikoarena, 100 eurokoa. Publikoaren sarirako botoa Gaztelekuan emango da eta argazki guztiekin erakusketa bat egingo da Gaztelekuan bertan.