San Anton ekitaldiak iragartzeko kartela

 

Elgoibarko bigarren zaindaria den San Anton jaien barruan, Elgoibarko Udalak, herriko gazteekin elkarlanean, ekintzaz beteriko jarduna antolatu du urtarrilaren 19rako. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, bazkari herrikoa Zubi Ondo elkartean, Malen Amenabar eta Jokin Uranga bertsolarien jardunak, kalejira Matraka Electrocharangaren eskutik eta Olatz Salvador eta Bad Sound-en kontzertua Maalan.

"Anttoni!" leloa daraman ekimen honen bitartez jai parekide eta euskaldunak sustatu, Elgoibarko elikagai eta produktuen kontsumoa bultzatu eta gazteen arteko harremanak sortu eta indartu nahi da.

Menuari dagokionez, 12 euroko prezioa izango du eta Elgoibarko produktuekin eta Elgoibarko sukaldariekin osatutakoa izango da: Zahatzuko txorizo egosia eta txuleta, Alkortako bakailao tortilla, Mausitxako gazta menbriloarekin, Antxolako ogia eta Azaolako sagardoa.

Plazak mugatuak izango dira, beraz, bazkarian parte hartu nahi dutenek urtarrilaren 6a baino lehen eman beharko dute izena honako estekaren bitartez: labur.eus/anttonibazkaria