gz argazkia

  • Okasiorako ekintza ugari antolatu dira Elgoibarko gune desberdinetan. Ehun saltokitik gora jarriko dira bertako produktuak erakutsi eta saltzeko.
  • Aurreko edizioetan bezala, gaztagilerik onenak izango dira Elgoibarren, nor baino nor, 2018ko gazta onenaren saria eskuratzeko helburuarekin. 

Beste urte batez, urteko azken larunbatean, Elgoibarrek Gabon Zaharretako nekazaritza eta abeltzaintza feria tradizionalaren beste edizio bat ospatuko du, eta okasiorako, Udalak, beste hainbat laguntzaileekin batera, erdigunean izango diren hainbat jarduera antolatu ditu abenduaren 29rako. Atzo, Elgoibarko Kultur Etxean, Ane Beitia Elgoibarko Alkateak, Andrea Arriola Elgoibarko Udaleko Kultura Zinegotziak, Blanca Salegi Kulturako udal-teknikariak, Joseba Arrizabalaga landa arloko Zinegotzi arduradunak eta Kalamua Elkarteko hiru ordezkarik 2018ko Elgoibarko Gabon Zaharretako Feriaren nondik norako guztiak azaldu zituzten. Guztira, ehun saltokitik gora jarriko dira bertako produktuak erakutsi eta saltzeko, 128 konkretuki.

Jada ohikoa den bezala, Gabon Zahar feria goizeko 8:30etatik aurrera jarriko da martxan, eta egunean zehar, erakusketak, lehiaketak eta produktu ugariren salmenta (barazkiak, frutak, gazta, eztia eta landareak eta abar luze bat) izango dira. “Gero eta gehiago dira ferian elkartzen diren ekoizleak, eta gero eta ugariagoak eta landuagoak eskaintzen dizkiguten produktuak. Halaber, gure abeltzainek hazitako animaliak izango ditugu, baita urtez urte maila gorena erakusten duen gazta lehiaketa ere”, adierazi du Ane Beitia Alkateak.

Norberak landatutako fruta eta barazki sariketa-erakusketari dagokionez, 9:00ak aldera, epaimahaiak erakusketa bisitatuko du, eta erabakia jaso ondoren, 10:30ean, salmenta hasiko da. Sariak emateko orduan, honako baldintza hauek hartuko dira kontuan: salgaien kalitatea, mota ezberdinetako salgaiak erakutsi eta saltzea, mota bakoitzeko aldaera edo barietate desberdinak erakutsi eta saltzea. Halaber, 400 euroko sari bat emango zaio mendiak hobekien zaintzen dituen baserriko jabeari.

Feria eguna girotzeko, Baltzola Anaiak trikitilariak izango dira; Elgoibarko Kale Kantariak taldeak, bestalde, euskal abesti herrikoiak eskainiko ditu, eta Kalegoen Plazan, I. Bereziartua Musika eta Dantza Eskolak antolatutako erromeria izango da.

Bolatokiko parkera, Lekueder eta Kalebarren plazara hurbiltzen direnek, hainbat abereren erakusketaz, produktuen salmentaz eta labeldun saiheski pintxoez gozatu ahal izango dute. Pedro Migel Urruzunon burdineria eta nekazaritza-makineria erakusketa egingo da, eta Parrokiako kaperan, Parrokiako Jaiotza erakutsiko da.

Era berean, aipatzekoa da ArTaldek Maalako parkean, 10:00etatik 14:30etara, egingo duen artisauen erakustaldia eta produktuen salmenta. Halaber, 11:00etatik 14:30etara falkoneria erakustaldia egingo da Kalebarren plazan. Eta 21:00ak aldera, berriz, idi gazteen proba egingo da, Sigmako probalekuan, Sigma Probaleku Herri Kirol Elkartearen eskutik.

2018ko Gazta Lehiaketa

Gazta Lehiaketa Gabon Zahar feriako ekimenik esanguratsuenetarikoa da. Aurten ere, gaztagilerik onenak izango dira Elgoibarren, nor baino nor, 2018ko gazta onenaren saria eskuratzeko helburuarekin.

Aurtengo gazta txapelduna aukeratzeko lehiaketa, Kalamua Elkarteak antolatua, 12:00etatik aurrera jarriko da martxan Udaletxean, Ziarda, Mañukorta eta Meabebasterretxea bertsolarien partaidetzarekin. 13:30etan, Udaletxeko Areto Nagusian, fruta, barazki eta gazta lehiaketaren sari banaketari ekingo zaio. Gazta Txapelketako irabazleak, 1.500 euroko saria, txapela eta garaikurra eskuratuko ditu.

Iaz bezala, Gazta Txapelketa zuzenean jarraitzeko asmoa duten pertsonek, streaming bidez ikusteko aukera izango dute, 12:00etatik 14:00etara.

Elgoibarko Alkateak adierazi duenez, “egun berezia da oso elgoibarrentzat, hortaz, gure artean, jai giroan, egun bikain honetaz gozatzera gonbidatu nahi zaituztet, baita gure baserritarrek lan eta maitasun handiz ekoitzitako produktuak ikusi, dastatu eta gure etxeetara eramatera animatu ere”.