Udaletxea

  • Osoko bilkurak, datorren urterako, orokorrean, KPIaren (%2,2) araberako eguneratzea onartu zuen udal zerga eta tasetan.

  • Salbuespen azpimarragarrienen artean, zaborren tasa. Aurten ere hazkundea KPIren azpitik geratuko da, %1,89 hain zuzen ere. Kirol patronatuari dagokionez, hainbat motatako sarrerek, talde bereziek eta aire libreko instalakuntzek (Mintxetako igerilekuak, tenis eta padelak) ez dute igoerarik ikusiko.

Elgoibarko Udalak, urriaren 25ean ospatutako osoko bilkuran, 2019rako ordenantza fiskalak onartu zituen, EAJ-PNVren eta PSE-EEren aldeko bozkekin eta EH Bilduren kontrako botoarekin. Urtero moduan, gobernu taldeak tasa, kuota, tarifa eta ordenantza fiskalen eguneratze orokor bat proposatu zuen, salbuespenak salbuespen. Horretarako Kontsumorako Prezioen Indizea hartu du oinarritzat. Euskal Autonomi Erkidegoko KPIa abuztuan %2,2a izan da. Esan beharra dago, hazkunde hori ez dela puntuala izan abuztuan bakarrik, iraileko KPI %2,1ekoa izan baita. Beraz, norabidea goranzkoa dela ikusita eta betiko irizpideari jarraituz, Gobernu taldearen proposamena, datorren urteari begira, ordenantza fiskalak %2,2an doitzea izan da.

Gogoratu beharra dago, iaz %1,8ko igoera aplikatu zuela Udalak, eta aurreko 4 urteetan ordenantza fiskalak izoztuta mantendu zirela. Urte txar batzuk pasa eta gero, momentu honetan ziklo ekonomikoa hazkunde joeran kokatu dela nabaria da. Datorren urterako %3,8ko hazkunde nominala aurreikusi da EAEn.

Bittori Zabala, Elgoibarko Udaleko Ogasun Zinegotziaren esanetan, “ziklo ekonomikoaren goranzko joeran murgilduta gaude. Baina ez gara euforian erori behar, gure baliabide publikoak erantzunkizunez eta zorroztasunez kudeatzen jarraitu behar dugu. 2019ko ordenantzek, egoera honi erantzuten diote”.

Era berean, Zabalak adierazi zuenez, etorkizuneko erronkei aurre egiteko, ezinbestekoa da Udala testuinguru jasangarri batetik abiatzea. “Egun, Udalaren egoera ekonomikoa osasuntsua da, baina baliabideak handitzen jarraitu behar dugu”, adierazi du zinegotziak.

Salbuespenak:

Ordenantza fiskalen eguneratzea onartzerako prozeduran salbuespen batzuk izango dira:

Aipagarriena zaborraren tasa da. Aurten ere zabor tasaren hazkundea KPIren azpitik geratuko da, %1,89 hain zuzen ere. Hazkunde hori nahikoa izango da Elgoibarko Udalak Debabarreneko Mankomunitateari, jasotako zerbitzuengatik ordaindu behar dion kopuruari aurre egiteko.

  • Kirol Patronatuaren tasei dagokienez, kontzeptu batzuetan irizpide orokorrari jarraitzea erabaki da (%2,2ko igoera), eta beste batzuetan igoerarik ez. Hainbat motatako sarrerek, talde bereziek eta aire libreko instalakuntzek (Mintxetako igerilekuak, tenis eta padelak) ez dute igoerarik ikusiko.
  • Beste salbuespen batzuk: egokitzapen teknikoak, epigrafe berriak sortu, erabiltzen ez diren epigrafeak ezabatu, eta abar. Adibidez, arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak erabiltzeko lizentzia eskuratzeko eta animalia erregistroan sartzeko tasa berria, Aita Agirre berrian izango diren azpiegiturak erabiltzeko tasa berria.

Esan beharra dago zerga eta tasen helburu nagusiena dirusarrerak lortzea dela. Baina ez hori bakarrik, zeharka, hobari eta pizgarri desberdinen bidez, beste politika batzuk ere aplikatzen dira: gizarte politikak, sustapen ekonomikoa, ingurumena zaintzea etabar.