Kuadrila bat  Txiki egunean ipinitako fotokolan

  • Eraso sexistarik gabe, Elgoibar aske!” lelopean kanpainak jarrera eta portaera sexistak prebenitu eta desagerraraztea du helburu.
  • Ekimenaren barruan hainbat elementu prestatu dira jaietan zehar: Beldur Barik Gunea Maalako parkean, “Jaietan ere, ezetza ezetza da” fotokola, txapak eta betaurreko moreen banaketa txosnagune, gazte lokal eta tabernetan, besteak beste.
  • Berrikuntza gisa, aurten Berdintasun Sailak jaien berdintasunaren diagnostikoa gauzatuko du. Irailean emaitzak aztertu eta 2019ari begirako hobekuntzak proposatuko dira.

 

Elgoibarko Udaleko Berdintasun Sailak, Emakume Kontseiluarekin batera, “Eraso sexistarik gabe, Elgoibar aske!” kanpaina abiatu du jaiak berdintasunean eta eraso sexistarik gabe igaro daitezen.

 

Jaiak herritar guztientzat dibertsio-uneak dira eta maiz gizarte-arauak malgutu egiten dira. Horren ondorioz, jaiak ere badira izaera eta larritasun desberdineko eraso sexistetarako espazioa. Horren aurrean, Udalak nabarmendu nahi du pertsona guztion arteko errespetua bermatu behar dela eta tolerantziaren aldeko jokabideak aldarrikatu behar direla. Elgoibarko kanpaina sortu da jarrera eta portaera sexisten prebentzioarekin eta horiek desagerraraztearen aldeko konpromisotik.

Halaber, egoera horien aurrean herritarrak sentsibilizatu eta haien erantzuna aktibatzeko helburua ere badu ekimenak. Horretarako hainbat elementu prestatu dira. Abuztuaren 25ean, larunbatean, 23:00etatik 02:00etara Beldur Barik Gunea egongo da Maalako parkean. Honen helburua, sexu erasoen prebentzio eta aholkularitza zerbitzua eskaintzea da.

Gainera, abuztuaren 27an, Txiki egunean, 13:00-15:00 bitartean, Kalebarren kalean, Mauxitxa txarangaren kalejiraren inguruan, “Jaietan ere, ezetza ezetza da” fotokolaren 2. edizioa egingo da, herritarren argazkiak jasotzeko. Txosnagune, gazte lokal eta tabernetan ere identifikatzen diren eraso sexistak salatzera animatzeko txapak eta betaurreko moreak banatuko dira. Herritarrek ere eraso sexisten aurkako txapak janzteko aukera izango dute.

Berrikuntza: jaien berdintasunaren diagnostikoa

Horrez gain, eta berrikuntza moduan, Berdintasun Sailak jaien berdintasunaren diagnostikoa gauzatuko du aurten. Horretarako herriko hainbat boluntario, programatu diren hainbat ekintzatan behaketa lanak egiten egongo dira. Genero ikuspegitik, praktika onak eta hobetzekoak zeintzuk diren aztertuko dituzte. Jaiak bukatu ondoren, irailean, behaketetatik jasotako emaitzak aztertu eta 2019ari begirako hobekuntzak proposatuko dira.