partaidetza bidezko aurrekontuak bannerra

  • Elgoibarko Udalak parte-hartze datuen balorazio oso positiboa egin du.
  • Puntu gehien lortu dituen proiektua Bolatokiko parkea berrurbanizatzea (2.124 puntu) izan da, jarraian, Aizkorri eta Urazandi lotuko dituen oinezkoen pasealekuarena (1.926 puntu) eta Bernardo Ezenarro kalea berrurbanizatzearena (1.821puntu).
  • Ekimenak herritarrek udal politiken diseinuan inplikatu eta auzotarrei udalaren jardunean ahotsa ematea du helburu.

Guztira 374 herritarrek hartu dute parte ekainaren amaieran Elgoibarko Udalak abiatutako 2018ko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan. 2016-2019rako onartutako Legealdi Planak jasotzen duenez, ekimenak herritarrek udal politiken diseinuan inplikatu eta auzotarrei udalaren jardunean ahotsa ematea du helburu.

Udalak parte-hartze datuen balorazio oso positiboa egin du. Alde horretatik, Ane Beitia alkateak azpimarratu du "Aurrekontu parte-hartzaileak martxan jartzen diren lehenengo aldia izateko, zifra esanguratsuak dira oso. Datu hauek, ildo eta bide honetan lanean jarraitu behar dugunaren erakusgarri dira”. Halaber, gehitu nahi izan du “guztion artean Elgoibar hobeago bat eraiki nahi dugu eta horretarako herritarron parte-hartzea ezinbestekoa da, Elgoibarren aurre egingo diegun erronka handienak zeintzuk diren guztion artean erabaki behar ditugu”.

Guztira, ekainaren 18 eta 30 bitartean, 16 urte baino gehiagoko 374 elgoibartarrek Udalak proposatutako 8 proiektuen artean euren lehentasunak adierazi dituzte, hau da, ia parte hartzeko eskubidea zutenen artean, %4ak eman du bozka. Parte-hartzaileek proiektu guztiei eman zien puntuazioa, garrantziaren arabera, 1etik 8ra (8 balio handiena izanda). Udalak guztira 200.000 euro bideratuko ditu herritarrek lehenestutako proiektuak gauzatzeko. 

Honakoak izan dira emaitzak:

PROIEKTUAK AURREKONTUA PUNTUAK BATEZBESTEKOA
BOLATOKIKO PARKEA BERRURBANIZATZEA 100.000 € 2124 5,68
AIZKORRI ETA URAZANDI LOTUKO DITUEN OINEZKOEN PASEALEKUA 55.000 € 1926 5,15
BERNARDO EZENARRO KALEA BERRURBANIZATZEA 50.000€ 1821 4,87
AZOKAN 0-3 BITARTEKO HAURRENTZAT ARETO BAT EGITEA/EGOKITZEA 65.000€ 1774 4,74
HAUR-PARKE BAT SORTZEA PEDRO MUGURUTZA 8. ZENBAKIAN 65.000€ 1761 4,71
APARKATZEKO EREMUAK MONITORIZATU ETA HORIEI BURUZKO INFORMAZIO-PANELAK JARTZEA 60.000€ 1414 3,78
FATXADA HUTS ETA NARRIATUETAN HORMAIRUDIAK MARGOTZEA 24.000€ 1397 3,74
HILOTZ-HONDARRAK ETA ERRAUTSAK BILTZEKO KOLUNBARIO BAT EGITEA HILERRIAREN ALDE BERRIAN 90.000€ 1261 3,37

Parte hartu duten pertsonen artean, %61a emakumezkoak izan dira, %39a gizonezkoak, %53ak erdaraz hartu du parte eta %47ak euskaraz.

Metodoei dagokionez, nabarmentzekoa da online kanala. Guztira 141elgoibartarrek (%38) eman dute bozka Interneten bidez, udal web gunean abiarazitako formulario digitala betez. Bestalde, 233k modu presentzialean bozkatu du, zehazki, 127k (%34) Kalegoen plazan instalatutako karpen bidez eta 106k (%28) Gotzon Garate Udal Liburutegia, Jubilatuen Etxea, Kultur Etxea, Herritarren Arreta Zerbitzua eta Olaizaga Kiroldegian kokatutako kutxatilen bidez.

Bozkatutako 8 proiektuak, puntuazio altuenetik txikienera:

  • Bolatokiko parkea berrurbanizatzea (2.124 puntu):
    Bolatokiko plaza, gaur egun, igarolekua da eta ez da askotan erabiltzen egoteko leku gisa. Espazio hori bizilagunen aisialdirako erabilitzeko asmoz, plaza berrurbanizatzea proposatu da, argitsuago eta erakargarriago bilakatuz. Horrela, udalerriaren erdigunean egoteko eta jolasean aritzeko eremu berri bat sortuko da.
  • Aizkorri eta Urazandi lotuko dituen oinezkoen pasealekua (1.926 puntu):
    Aizkorri eta Urazandi auzoen artean bidexka bat dago, eta bertatik, egunero-egunero igarotzen dira udalerriko bizilagunak. Proiektuaren bitartez, bide hori berrurbanizatu, egokitu eta bere onera ekarriko da, Elgoibarko auzoen arteko lotura hobea izateko eta, halaber, udalerriko ibilbide osasungarrien sarea sustatzeko.
  • Bernardo Ezenarro kalea berrurbanizatzea (1.821puntu):
    Proiektuak, trafikoari dagokionez, noranzko bakarreko kale bilakatuko du Bernardo Ezenarro kalea. Jarduketa honi esker, espaloia zabaldu egingo da eta anbulatorio eta osasun-zentroaren arteko zebra-bidetik igarotzen diren oinezkoen segurtasuna handitu. Horretaz gain, galtzadaren alde batean aparkalekuak sortu ahal izango dira.
  • Azokan 0-3 urte bitarteko haurrentzat areto bat egitea/egokitzea. Azoka plazan edoskitzeko gunea egokitzea, salmenta-postuak beste era batean banatuta (1.774 puntu):
    Proiektu honen helburua bikoitza da. Alde batetik, gaur egun azokan hutsik dauden postuak aprobetxatuz, 3 urtez beheragoko umeak dituzten gurasoentzat esparru egoki bat sortzea proposatzen da. Bestetik, euritik eta hotzetik babestutako lekua egokituko da, eta bertan, azoka plaza dinamizatzen eta merkataritza sustatzen lagunduko du.
  • Haur-parke bat sortzea Pedro Mugurutzako 8. Zenbakian (1.761 puntu):
    Azken urteotan haur-parke batzuk atondu dira herrian zehar. Beste parke baterako zenbait kokapen posible (Gabriel Kurutzelaegi, Artetxeko etxeak, eta abar) aztertuta eta dauden zailtasunak, teknikoak, batez ere, (garajeak, inpermeabilizazioak) ikusita, parkea Pedro Mugurutza plazan, 8.zenbakian, egiteko aukera mahaigaineratu da, modu horretan Gabriel Kurutzelaegi, Artetxeko etxeak eta Pedro Mugurutza eremuari zebitzu emanez.
  • Aparkatzeko eremuak monitorizatu eta horiei buruzko informazio-panelak jartzea Aita Agirre plaza, Uparitzaga, Trenbide, Sigma…(1.414 puntu):
    Antzeman ahal izan denez, ibilgailuek egiten duten ibilbidearen zati handi bat aparkaleku bila egiten dute. Egoera horri erantzuna eman nahian, proiektuak udalerriko zenbait aparkaleku monitorizatzeko asmoa du, aparkalekuak aurkitzen laguntzeko eta autoek beharrik gabe egiten dituzten ibilbideak ekiditeko. Irtenbide hori oinezkoentzat ere onuragarria izango da ahal den neurrian trafikoaren kalteak saihestuko baitira.
  • Aurrealde huts eta narriatuetan horma-irudiak margotzea (1.397 puntu):
    Udalerrian badaude azalera leun handiko hainbat etxe-aurre, horma edota esparru, behin baino gehiagotan grafiti nahiz pintadarako lekua izan direnak eta erakargarriak ez izateaz gain, ekiditeko moduko eremuak ere izan daitezkeenak. Proiektu honen asmoa da horma horietako batzuk berreskuratzea atseginago bilakatuko dituzten horma-irudien bitartez.
  • Hilotz-hondarrak eta errautsak biltzeko kolunbario bat egitea hilerriaren alde berrian (1.261puntu):
    Hilotz-hondarrak erretzea gero eta ohikoagoa izateaz gain, zenbait familiak eskatu dute senitartekoen hezur-hondarrak gordetzeko aukera izatea behin emakidako horma-hilobiek duten 10 urteko epea amaituta. Bi arrazoi horiek aintzat hartuta, hilerriaren alde berrian kolunbario bat eta hezurtegi bat egiteko aukera proposatu da. Horrela, etorkizunari begira, beste zenbait jarduketa egin ahalko dira hilerrian, orain horma-hilobiek betetzen duten espazioa berreskuratu eta lorategi bilakatzeko aukera egongo da eta.

Aurrekontu parte-hartzaileen inguruko informazio gehiago