Inprimatu

Bikain ziurtagiria, 2016ko abenduan lortuta

Atzo, 2018ko uztailak 19, ohiko udalbatzarra egin zuen Elgoibarko Udalbatzak eta euskararen gaiak presentzia nabarmena izan zuen gai zerrendan. Izan ere, Udalbatza osatzen duten udal taldeetako ordezkariek aho batez onartu zituzten, alde batetik, Euskaraldiaren Udal Adierazpena eta bestetik, Elgoibarko Udalaren Euskararen Erabilera Plana 2018-2022 aldirako.

Euskararen Erabilera Plana

2018-2022 aldirako Elgoibarko Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko VI. Plana onartu zuen Udalbatzak aho batez. Euskara planaren helburu nagusia Udalean euskararen erabilera indartzea eta areagotzea da, zerbitzu eta lan hizkuntza modura, euskararen erabilera bermatu eta herritarren hizkuntza eskubideei erantzun ahal izateko.

Euskara planak, hori lortzeko, landu beharreko ildo estrategikoak jasotzen ditu. Hala, lehentasuna eman nahi dio dokumentuak euskaraz sortzeari, eta baita lankideen arteko ahozko erabilera sustatzeari ere. Horretaz gain, Udalak badaki, oraindik ere, gaztelaniak presentzia dezentea duela hainbat enpresa hornitzailerekin duen harremanean, eta pixkanaka, hutsune hori gainditu eta euskararen erabilera bultzatu nahi du.

VI. Erabilera Planaren helburu orokorrak

Bestalde, esan, Elgoibarko Udalean euskarak duen errekonozimendua lorpen kolektibo bat izan dela, ez dela legealdi batean edo bestean etorri, langileek eta arduradun politikoek urtetan egin duten lanari esker dagoela Elgoibarko Udala maila horretan, euskararen erabilerari dagokionez. Ez dugu ahaztu behar Elgoibarko Udalak urrezko Bikain ziurtagiria lortu zuela 2016ko abenduan.

ADI! Gune honek cookie-ak eta antzeko teknologiak erabiltzen ditu. Zure nabigatzailearen konfigurazioa aldatzen ezbaduzu , bere erabilera onartzen ari zara.