lgtbi

2018ko EKAINAREN 28ko MOZIOA  (PDF)

Aurten ere, 1969ko ekainaren 28ko goizaldean Stonewall Inn tabernan gertatutakoaren oroimenak bultzatuta, LGTBI kolektiboko kideak beste behin bilduko dira eskubideak erreibindikatzeko eta aniztasunetik abiatuta bizikidetzaren alde egiteko. Orain arte lortutako guztia ospatu eta oraindik lortzeke daudenak nabarmendu nahi dituztelako egun horretan.

Aurten, zoritxarrez, gertaera tamalgarri bat gogoratu behar dugu: nerabe transexual baten suizidioa, 16 urteko mutil batena, bere erabakiarekin gizarte gisa ditugun hutsuneak agerian utzi zituelarik, baita gure gazteek LGTBIfobiarekiko duten kalteberatasun berezia ere.

 

Aurten, gainera, pertsona homosexual eta transexualen etengabeko etorreraren lekuko izan gara, beren jatorrizko herrialdeetako zigor-legerietatik eta eskubideen etengabeko urraketatik ihesi iritsi eta nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonena, ziurtasunik gabeko eta zailtasunez betetako etorkizunari hasiera emanez. Ez dugu ahaztu behar LGBTIfobia gehien hedatuta dagoen gorroto moduetako bat dela eta 70 herrialdetako baino gehiagotako zigor-kodeetan instituzionalizatuta dagoela eta zigor-kode horietan genero-orientazio, -identitate eta -adierazpen desberdinen arau errepresoreak biltzen direla.

 

Aurten, beste behin, alderdi horiek azpimarratu behar ditugu, nonahiko mamuek bezala LGTBI kolektiboa osatzen dutenen bizitza zailduz jarraitzen duten alderdiak. Maila horretan gogorarazi beharrekoa da beren jatorria sexu- eta genero-aniztasunarekiko intolerantzian duten zenbait jarrerak irauten dutela oraindik ere gure ingurunean, baita horren gainean sare sozialek eskaintzen duten inpunitateak eragindako ondorio kaltegarria ere. Gogoratu beharrekoa, baita ere, marko heteronormatiboaz bestelako sexualitateak diskriminatzen dituen aurreiritzi sexualak badirauela, trans kolektiboaren patologizazioak ere badirauela; eta ideologia guztiz erreakzionarioa duten erakundeek egiten dituzten etengabeko eraso LGTBfobikoak. Gogoratu gure ikastetxeetako portaera homofoboak, emakume lesbianari gizarte-legitimitatea kentzen dion ikusezintasuna, eta VIHarekin bizi diren pertsonek pairatzen dituzten estigmari eta diskriminazioari amaiera emango dieten ekintzen premia...

Horrexegatik, elkartasuna ardatz izango duen kontzientzia aldarrikatzen dugu, jarrerak aldarazi eta LGBT kolektiboarekiko aurreiritziak, fobiak eta gorrotoak desagerraraziko dituena, alor guztietan ezinbestekoak diren lege eta gizarte aldaketak eginda: hezkuntzan, osasungintzan, komunikabideetan edota herritar askatasunetan. Horretarako ezinbestekoa izango da ahalduntze politikak bultzatzea gizarteko sektore ezberdinetan.

Guzti honengatik, politika instituzionalak pertsona lesbianen, gayen, transexualen, bisexualen eta intersexualen eskubide politiko, ideologiko eta zibil oro babesteko norabidean joan behar dira, oinarrizko askatasun printzipioaren baitan.

Era berean, hauen aurkako eraso, jazarpen edota errepresio oro gaitzetsi eta salatzeko jarrera izan behar du, eta horrelakoak errepika ez daitezen, bere eskura dituen baliabide guztiak erabili beharko lituzke, prebentziorako, detekziorako, asistentziarako eta laguntzarako protokolo baten lanketa egiteko.

Pertsona askeek osatutako herri askea eraikitze bidean, Elgoibarko Udalak Euskal Herriko herri eta hiri desberdinetan antolatutako mobilizazioekin bat egiten du.