Mauxitxa txaranga

  • Ekimenak, udaberriko asteburuetan, herriaren erdigunean gazteen presentzia areagotzea, eta bidenabar, gazte lokaletan egoten diren neska-mutilen arteko harremanak estutzea du helburu.
  • Egitaraua 4 lokaletako 9 gazterekin elkarlanean diseinatu da eta beste batzuen artean, Mauxitxa txarangaren kalejiraz girotutako kuadrillen arteko jolasez, musika ekitaldiz eta Maalako parkean egingo den bazkari batez osaturik egongo da.
  • Kartel (PDF) 

Udaberriko asteburuetan, herriaren erdigunean gazteen presentzia areagotzeko, eta bidenabar, gazte lokaletan egoten diren neska-mutilen arteko harremanak estutzeko helburuarekin, maiatzaren 19an, larunbata Kuadrilla Eguna ospatuko da Elgoibarko kaleetan.

Duela hilabete batzuk, erdiguneko gazte lokaletako neska-mutilengana hurbildu ziren Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko teknikaria eta zinegotzia, gazteei ekimen hau prestatzeko lanetan parte hartzeko aukera eskaintzeko asmoarekin. Herriko gazteen harrera ona ikusi ostean, gogotsu hasi ziren prestaketa lanetan. Hala, 4 lokaletako 9 gazterekin elkarlanean osatu da maiatzeko jai egun honetako egitaraua.

Oso jarrera proaktiboa erakutsi dute gazteek, uneoro. Herriko gainontzeko gazteei zer egitea gustatuko litzaiekeen jakiteko, besteak beste, galdetegi bat prestatu eta Interneten zabaldu dute (97 erantzun jaso dira), aurrekontuak eskatu dizkiete catering enpresei eta mota guztietako musika taldeei, eta komunikazio kanalen azterketa sakona egin dute jaia herriko gazteei aurkezteko.

Eguneko egitaraua osatzerako orduan, bereziki, gazteentzako jolasak eta kaleak girotzeko musika taldeen ekitaldiak antolatu dira. Eguerdian kuadrillen arteko jolasak egingo dira, Mauxitxa txarangaren kalejiraz girotuta. Ondoren, Maalako parkean bazkalduko dute gazteek. Bazkaria catering enpresa batek prestatuko du, baina bertan izango diren gazteen parte hartzea sustatzeko helburuarekin, jatorduan egin beharreko lanak parte hartuko duten gazte guztien artean antolatu beharko dituzte.

Arratsaldean, bestalde, Eonian izeneko elektro-txarangak girotuko ditu herriko kaleak, eta gau partean, Maalako parkean ondorengo kontzertuak eskainiko dira: Punk Rock estiloko Salda Dago izeneko talde Arrasatearra izango dugu lehendabizi. Ondoren, Eibarko eta Elgoibarko gazteez osatutako Mugi Panderoa izeneko erromeria taldeak joko du, eta gauari bukaera emateko, Elgoibarko DJ Artetxe gazteak musika elektronikoko saio bat eskainiko du. Bukatzeko txokolatea eskainiko da Maalako parkean.

Antolatzaileek, 16 urtetik gorako herriko gazte guztiak animatu nahi dituzte jaian parte hartzera, eta horregatik, bazkaria prezio berezian eskainiko da. Hala, bazkariko tiketak 5 €-ren truk lortu ahal izango dira Tantaka eta Malape tabernetan, maiatzaren I I bitartean.