goitibeheradrift

  • 15 urtetik gorako herriko neska mutilentzako antolatutako ekintza honen helburuak, herriko gazteen aisia eskaintza indartzea, lokaletako gazteen arteko harremanak sustatzea eta herrigunean gazteen presentzia bermatzea dira.
  • Izen-ematea gaurtik aurrera egin daiteke apirilaren 29ra arte. Izena internet bidez eman beharko da ondorengo loturan: https://labur.eus/goitibeherak Ekintzak doan izango dira eta plazak mugatuak.

Herriko nerabe eta gazteentzako goitibeherak egiteko tailerra eta entrenamendu eguna antolatu ditu Elgoibarko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Sailak maiatzaren 5 eta 6ko astebururako.

15 urtetik gorako herriko neska mutilentzako ekintza izango da. Tailerra maiatzaren 5ean, larunbata, izango da, 16:00etatik 20:00etara, Kalegoen plazan; eta entrenamendu eguna, berriz, maiatzaren 6an, igandea, arratsaldez, Albitzuri industrialdeko aldapan.

Ekintza honen helburuak, bereziki, ondorengoak dira: herriko gazteen aisia eskaintza indartzea, lokaletako gazteen arteko harremanak sustatzea eta herrigunean gazteen presentzia bermatzea.

Tailerra, gai honetan trebezia handia duen Asier Lizarralde herriko gazteak eta Eskoriatzan, hainbat urtez, honelako tailerrak antolatu dituen Jose Angel Urrutia adituak gidatuko dute.

Azaldu behar da, tailer honetan ez direla ohiko goitibeherak egingo. Normalean, egurrezko eta errodamenduzko ibilgailuak eraikitzen dira, baina oraingoan, trizikloen antzeko ibilgailuak, hain zuzen, adituek “Drift Trike” izenez ezagutzen dituzten ibilgailuak egiteko tailerra antolatuko da.

Berrerabilitako materiala erabiliz eraikiko dira goitibeherak. Beraz, parte hartu nahi duten gazteek, aurrez, hainbat material bildu beharko dute. Bizikleta zaharren eskulekuak eta PVCzko aulkiak lortu beharko dituzte. Bide batez, antolatzaileek izugarri eskertuko lukete, etxean horrelako materialik izan, eta ekintza honetarako emateko prest dagoen herritarrik egongo balitz. Horretarako, nahikoa izango litzateke ondorengo helbide elektronikora idatzi, eta horren berri ematea: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

Izen-ematea gaurtik aurrera egin daiteke apirilaren 29ra arte. Izena internet bidez eman beharko da ondorengo loturan: https://labur.eus/goitibeherak Ekintzak doan izango dira eta plazak mugatuak.

Antolatzaileek oso garbi utzi nahi dute, horrelako ibilgailuak ez daudela homologatuta, eta ezin direla kalean erabili. Horregatik hurrengo egunerako, goitibeherak probatzeko helburuarekin, entrenamendu eguna antolatu da. Bertan izango dute gazteek herriko San Bartolome jaietan antolatzen den goitibehera jaitsierarako entrenatzeko aukera ezin hobea.