Dantzaris el día de San Bartolomé

  • Guztira 85 pertsonek hartu dute parte urtarrilaren 22tik otsailaren 5era arte zabalik egon den prozesu parte hartzailean.
  • Parte hartzaileek San Bartolome jaiei buruz egindako balorazioa positiboa izan da. Herriko jendea orohar, gustora dago antolatzen diren jaiekin.
  • Umeek eta nerabeek jolas-jarduerekin, lehiaketekin, kontzertuekin eta kirolarekin lotutako ekarpenak egin dituzte gehien bat, nagusiagoak aldiz, musikarekin edota gastronomiarekin lotutako iradokizunak egin dituzte.

Elgoibarko Udalak, herritarren 150 ekarpen baino gehiago jaso ditu 2018ko San Bartolome jaietako egitaraua osatzeko martxan jarritako prozesu parte hartzailean. Guztira 85 pertsonek hartu dute parte, urtarrilaren 22tik otsailaren 5era arte zabalik egon den prozesuan. Herritarren espektro zabalenaren iritzia ezagutzeko helburuarekin, partaidetza bide desberdinak ahalbideratu dira: telefonoa, WhatsAppa, Udalak partaidetza prozesuetarako prestatua duen helbide elektronikoa, on line galdetegi bat, galdetegi deskargagarri bat Udalaren web orrialdean eta HAZn eskuragai egon den beste galdetegi fisiko bat. Honez gain, zenbait gizatalde jakinen proposamen eta balorazioetan sakontzeko aukera ere izan da, hurrengo egunetan garatu diren 4 partaidetza tailerren bitartez:

  • Urtarrilaren 26an, 17:00etatik 18:00etara Ludotekan, 5 eta 12 urte bitarteko umeekin.
  • Urtarrilaren 26an, 19:30etatik 20:30etara Gaztelekuan, 13 eta 15 urte bitarteko nerabeekin.
  • Urtarrilaren 31n, goizeko 11:00etan, Jubilatuen Etxean, 60 urte edo gehiagoko pertsonekin.
  • Otsailaren 2an, 19:00etan, Kultur Etxearen sotoan, 16 eta 25 urte bitarteko gazteekin.

Ane Beitia, Elgoibarko alkatearen esanetan, "herritarrek oro har jaien balorazio positiboa egin duten moduan, guk ere, prozesu parte hartzaile honen inguruan egiten dugun balorazioa oso baikorra da. Jada hasiak gara hurrengo jaietako egitaraua taxutzen eta jasotako ekarpen eta iradokizun guzti hauek baliagarriak izango zaizkigu guztion gozamenerako San Bartolomeak antolatzeko".

Beitiak adierazi duenez, "Udalak legealdi hasieran diseinatutako parte-hartze plan integrala barneratuta dauka jada. Udalak, udal politiken diseinuan herritarrek parte hartzea nahi du . Hori dela eta , parte-hartze prozesuak Udalaren jardunean sistematizatzen ari gara , herritarrek udal jardunean ahotsa izan dezaten".

Bestalde, Andrea Arriola, Kultura zinegotziak azpimarratu duenez, "herritarrek beti izan dute beren ekarpenak bideratzeko aukera kultura sailaren bitartez. Baina aurtengo egitarauan, ahalik eta jende gehienak parte hartzea nahi genuen, herritarren eskakizunak entzun eta denon gustoko jaiak osatzeko xedearekin".

Prozesuaren emaitzak eta ondorioak

Parte hartze kopuruari dagokionez, guztira 85 pertsonek hartu dute parte:

  • Udalaren WhatsApp, helbide elektroniko eta on line galdetegiaren bitartez: 12 partaide
  • Antolatutako partaidetza tailerretan: 73 partaide, honela banatuta:
    • Ludotekan 28 ume, 5 eta 12 urte bitartekoak
    • Gaztelekuan 15 nerabe, 13 eta 15 urte bitartekoak
    • Nagusien Etxean 20 pertsona, 60 urte edo gehiagokoak
    • Kultur Etxeko sotoan 10 gazte, 16 eta 25 urte bitartekoak

Ondorio nagusiei erreparatuz, bi dira azpimarratu beharrekoak:

  • Oro har, San Bartolome jaiei buruzko balorazioa oso positiboa izan da. Ez dago funtsezko kritikarik jaietan antolatu ohi diren jardueren inguruan.
  • Elgoibarko bizilagunen jaiak dira. Nahiko argi antzematen da Elgoibarko jaiek ez dutela gertuko herrietako biztanleentzat erakargarri izateko asmorik, elgoibartarren gozamenerako antolatutako jaiak dira. 

Ondorio orokor hauez gain, ekarpen interesgarri ugari jaso dira, 2018ko San Bartolome jaietako egitaraua osatzerako orduan baloratuko direnak. Jasotako proposamenen artean, gustu eta kolore desberdinetako iradokizunak eta hausnarketak bildu dira. Horietako asko dagoeneko jaso izan dira aurreko urteetako programetan eta jaso ez direnak, kontuan hartuko dira aurrerantzean.

Partaideek hurrengo adierazpenak egin dituzte besteak beste:

  • Elgoibarko San Bartolome jaiak betiko eta ohiko jaiak dira. Ohiturak, erlijioa eta elgoibartarren identitatearekin lotuta daude.
  • San Bartolome jaiei buruzko balorazioa positiboa izan da. Ez dago kritikarik jaietan antolatu ohi diren jardueren inguruan. Herriko jendea gustora dago antolatzen diren jarduerekin.
  • Mauxitxa Txaranga eta sokamuturra dira jaietako hitzordurik garrantzitsuenak.
  • Oro har musikarekin eta ikuskizun eszenikoekin lotutako jarduerak eskatzen dira.
  • Segurtasuna ere baloratzen da, herritarrek kontuan hartzen duten faktorea da.
  • Ikuskizun pirotekniko edo piroluminiko gehiago ere eskatzen dira.
  • Txupinazoa gero eta pisu edo garrantzi gehiago ari da hartzen.
  • Figura edo pertsonaia bat sortzeko aukera ageri da, Bartolo bat egotea. 

Umeek eta nerabeek jolas-jarduerekin, lehiaketekin, musikarekin eta kirolarekin lotutako ekarpenak egin dituzte gehien bat, baina betiere, jaien esentzia errespetatuz. Pertsona nagusiagoak aldiz, musikarekin eta gastronomiarekin lotutako iradokizunak egin dituzte.