Anbolo egunaren iragartzeko kartela

  • Apirilaren 21ean, larunbata, herriko hainbat gaztek, Elgoibarko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteria Sustapeneko Sailarekin elkarlanean, herriko gazteentzako egun osoko jai bat antolatu dute.
  • Abentura parkea, herriko musikari gazteen kalejira, herri bazkaria Maalako parkean, txaranga, kontzertuak eta beste hainbat ekintza antolatu dira.
  • Maalako parkean egingo den bazkariko tiketak erosteko aukera, gaurtik hasi eta apirilaren 8ra arte irekita egongo da. Internet bidez erosi beharko dira ondorengo loturan: https://labur.eus/anboloeguna

Ospakizun honen helburu nagusia herriko gazte kuadrillak elkarren artean harremantzea eta gazteen benetako parte-hartzea sustatzea da. Horregatik, Elgoibarko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteria Sustapeneko Sailak prestaketa lanetan parte hartu nahi izan duten herriko hainbat gazterekin elkarlanean antolatutako jaia izango da Anbolo Eguna.

Honez gain, Morkaiko Mendizale Elkartearen eta Inazio Bereziartua Musika Eskolaren laguntza ezinbestekoa izan da eguna prestatzeko. Gazteentzako jai hau antolatzerako orduan, Udalak 18-31 urte bitarteko Elgoibarko 12 laguneko gazte talde batekin izandako elkarlana eta herriko elkarte eragile ezberdinekin izandako lankidetza ere oso garrantzitsuak izan dira.

Antolatzaileek adierazi dutenez, herritarren harrera zein izango den ikusteko badago ere, ez da urte bateko kontua izateko sortu Anbolo Eguna. Elgoibartarrentzat horren ezaguna izan zen Anbolo loritoa berpiztu nahi izan dute eta herriko pertsonaia moduan aurkeztu. Jakina da Anbolo nahiko bihurria eta "maketoa" zela, baina 10 urteren ostean, bere itzuleran, pertsonaia euskaltzale eta esker oneko bezala aurkeztuko da herritarren artean.

Hala, egun osoko egitaraua aurkeztu dute. Goizean goiz Kalegoen plazan muntatuko den abentura parke batekin hasiko da eguna. Bertan, tirolina bat izango da San Bartolome elizatik plazaren erdiraino, eskalada egiteko aukera ere izango da, eta futbolin erraldoi bat muntatuko da frontoian, Morkaiko Mendizale Elkartearen ezinbesteko laguntzarekin. Horren ohikoak ez diren kirol ezberdinak erakutsi eta herriko plazan praktikatzeko aukera eskaini nahi da. Eguerdi aldera, txupinazoa jaurtiko da Kalegoen plazan, eta Anbolo jaitsiko da Elizako balkoitik behera. Ondoren, herriko trikitilari eta pandero-joleekin kalejira bat egin eta 15:00ak aldera herri bazkaria egingo da Maalako parkean. Bazkal ostean Bingo solidarioan parte hartzeko aukera izango da. Bertan batuko den diruaren erdia, saritan banatuko da eta beste erdia, Nuala Elkarteari emango zaio. Nuala elkartea 2017an sortu zen Elgoibarren Aniztasun Funtzionala duten pertsonen inklusioaren alde borroka egiteko helburuarekin.

Arratsaldearekin jarraituz, Dj IonSan herriko gazteak modako kantuekin osatutako dantza saioa eskainiko du, eta ostean, Inazio Bereziartua Musika Eskolako BetiSUA txarangarekin eta Kittu taldearekin kalejira egingo da Maalako parketik Kalegoen plazaraino. Tartean, Lorituaneko aldapan talde argazkia ateratzeko unea izango da.

Iluntzean, kontzertuen gunea, Maalako parkea izango da. Lehen kontzertua NERABE taldeak eskainiko du. 2017ko udan "Toki-On" izeneko kantua aurkeztu zuten, eta Top Gaztean lehen
postuetan izan da hainbat astez. 80. Hamarkadako indie rock ukitu, erritmo dantzagarri eta abesti zuzenekin datoz, Sara Zozaya taldeko liderraren ahots bereizgarria lagun dutela. Ondoren, LITTLE MARTIN SELEKTA DJaren musikaz gozatzeko aukera izango da, eta eguna bukatzeko, DJ JOTATXOk, euskal musika dantzagarrienekin sortutako dantzaldia eskainiko digu.

Bazkariko tiketak erosteko aukera

Internet bidez erosi ahal izango dira bazkariko tiketak, 17€ren truke (https://www.labur.eus/anboloeguna). Bi menu ezberdin eskainiko dira aukeran, eta horietako bat barazki-jaleentzako aproposa izango da.

Bazkariko prezioaren barruan, ondoren ospatuko den bingo solidarioan parte hartzeko kartoi bat ere eskainiko da.

Izen ematea bakarka edo taldean egin ahal izango da. Bazkariko erreserba egiteko azken eguna apirilaren 8a, igandea, izango da. Kontuan izan erreserba behin betikoa izan dadin, galdetegia erantzun eta ordainketa eginda egon behar dela. Plaza mugatuak dira, beraz, lehenbailehen erreserba egiteko gomendioa egin dute antolatzaileek.