Edukiontzi grisa

  • Sistema berriaren ezartzearekin, derrigorrezkoa izango da edukiontzi marroiak zein grisak erabiltzea eta etxebizitza guztientzat urteko tasa bakar bat egongo da, 193,87 eurokoa. 

Pasa den ostegunean, urtarrilak 25, Elgoibarko Udaleko osoko bilkurak aho batez onartu zuen zabor bilketa eta ezabaketa arautuko duen duen udal ordenantzaren aldaketa. Hala, urteko, etxebizitza guztientzat tasa bakar bat egongo da, 193,87 eurokoa.

Modu honetan, amaitutzat ematen da orain arte martxan zegoen hobari eta zigorretan oinarritutako sistema. Edukiontzi marroia erabiltzen zutenek 183,88 euroko tasa ordaintzen zuten bitartean, sistematik at zeudenek 220,66 euro ordaintzen zuten.

Sistema berriaren ezartzearekin, derrigorrezkoa izango da edukiontzi marroiak zein grisak erabiltzea eta etxebizitza guztientzat tasa bakarra izango da. egutegi fiskalari buruz: Elgoibarren, normalean, zaborraren tasa urtean bi ordainagiritan ordaintzen da, seihilero. Aurten salbuespena egingo da lehenengo seihilekoan, bi hiruhileko ordainagiria jasoko delako: lehenengoa ordenantza zaharraren arabera, eta bigarren hiruhilekoa ordenantza berriaren arabera.

Era berean, aipatu beharra dago, erabilerari dagokionez, bi edukiontziek erabilera normala izango dutela, alegia, ez dela limitatua egongo. Edukiontzi herriaren funtzionamendua organikoaren berdina izango da eta erabiltzailea identifikatuko duen txipdun txartel bidez irekiko da.

Datorren otsailaren 2tik aurrera, edukiontzi berde guztiak kenduko dira eta aipatutako txartelak, doan eskuratu ahal izango dira kultur etxean.

Herritarrei zuzenduta inplikazio eta sentsibilizazio kanpaina

Debabarrenako Mankomunitateak hilero ematen ditu birziklapen tasak. Azkena 2017ko azarokoa da. Elgoibarren, kontzeptu edo zabor bilketa mota uztiak kontutan hartuz, %49,61 birziklatu da. Portzentaia hori puntu bat altuagoa da Debabarrena osatzen duten beste 8 udalerrien batez bestekoa baino. 2016an %44 eta 2015ean %43koa izan zan.

Etorkizunera begira, bai estatu mailan zein europa mailan ezarritako birziklapen  tasetara heltzeko, Elgoibarko Udalak ezinbestekotzat jotzen du gizartearen sentsibilizazioa eta inplikazioa. Ondorioz, sistema aldaketa datorrela aprobetxatuz, honen abantailak eta tendentzia baikorra mantentzeko xedearekin, Udalak kontzientziazio eta informazio kanpaina bat abiaraziko du.