LXXV Krosaren aurkezpenaLXXV Krosaren aurkezpena

  • Juan Muguerza krosak sasoi betean egin ditu 75 urteak; nazio mailako egutegiko krosik antzinakoena izateaz gain, gaur egun, Euskadiko onena delako. Hori ospatzeko, IAAF izendapena izango du, mota honetako ekitaldi batek, munduko atletismoaren erreferente denak, lor dezakeen kategoriarik gorenena.
  • Behe mailako kategorietako lasterketak 10:00etan hasiko dira, eta senior kategoriako proba nagusienei 12:30ean eta 13:15ean ekingo zaie, hurrenez hurren.
  • Juan Muguerza Krosaren 75. urteurrena dela eta, Elgoibarko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mintxeta Atletismo Taldeak, ekitaldiz beteriko egitaraua antolatu dute. Ostiralean, hilak 12, Elgoibarrek harrera egingo die atletismoaren historiako mito handiei, hain zuzen, Herriko Antzokian ospatuko den “Juan Muguerza 75 urte Gala” handira bertaratuko direnei.
  • Aurkezpenaren bideoa

Igande honetan, urtarrilak 14, Elgoibarko Mintxetako kirol instalazioetan Muguerza Memoriala ospatuko da, aurten 75 urte betetzen dituen nazio mailako egutegiko krosik antzinakoena, hain zuzen ere. Ane Beitia Elgoibarko alkateak, Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiaren kirol zuzendariak, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzaren kirol zuzendariak eta Zigor Diez, Mintxeta Atletismo Taldeko ordezkariak, ekimenaren babesle eta laguntzaileekin batera, gaur eguerdian aurkeztu dituzte LXXV krosaren xehetasun guztiak. Ekitaldiak, aurten ere, luxuzko partaidetza izango du.

Egun horretan, nazio mailako eta nazioarteko atletarik esanguratsuenak izango dira Elgoibarren. Azpimarratzekoa da, Juan Muguerza Nazioarteko Krosa Elgoibarrek mundura zabaltzeko duen leiho garrantzitsuenetarikoa dela. Izan ere, Ane Beitia, Elgoibarko alkateak adierazi duenez, “75 urteotan, 3 antolatzailek eta milaka boluntariok lana, maitasuna eta adiskidetasuna eskaini dute, Elgoibarko herria, nazioartean, goreneko mailara eramateko”. Honez gain, Beitiak “Krosa goi mailako kirol lehiaketa da, entzute eta tradizio handia duena, hots, beti izan da eta izango da laguntasunaren krosa” nabarmendu du.

Maila goreneko atletak

Juan Muguerza krosak sasoi betean egin ditu 75 urteak; nazio mailako egutegiko krosik antzinakoena izateaz gain, gaur egun, Euskadiko onena delako. Hori ospatzeko, IAAF izendapena izango du, mota honetako ekitaldi batek, munduko atletismoaren erreferente denak, lor dezakeen kategoriarik gorenena. Historian zehar, Elgoibarren parte hartu duten atletek 456 domina lortu dituzte Joko Olinpiarretan eta Munduko eta Europako Txapelketetan, 46 herrialderen ordezkari gisa.

75. edizio honetan, 800 atleta baino gehiago hurbilduko dira datorren igandean Mintxetan egingo den atletismo-jaialdira. Horien artean, estatuko korrikalaririk onenak eta mundu mailan prestigio handia duten atletak izango dira. Behe mailako kategorietako lasterketak 10:00etan hasiko dira, eta senior kategoriako proba nagusienei 12:30ean eta 13:15ean ekingo zaie, hurrenez hurren.

Antolatzaileek baieztatu dutenez, gizonezkoetan, Leonard Komon, Conseslus Kipruto, Timothy Toroitich, Abadi Hadis, Selemon Barega, Jacob Kiplimo, Ilias Fifa eta Antonio Abadia izango dira besteak beste. Emakumezkoetan, azpimarratzekoak dira, Ruth Jebet, Lilian Kasait Rengeruk, Letesenbet Gidey, Trihas Gebre, Catarina Ribeiro, Jessica Augusto edota Zulema Fuentes besteak beste.

Asteburuan zehar antolatutako ekimenak

Juan Muguerza Krosaren 75. urteurrena dela eta, Elgoibarko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mintxeta Atletismo Taldeak, ekitaldiz beteriko egitaraua antolatu dute. Ildo horretan, Ane Beitia alkateak gogora ekarri nahi izan ditu, “Krosa sasoian egoteko eta Elgoibarko herriaren irudia han eta hemen zabaltzeko ahalegina egin eta laguntza eman duten enpresa, entitate, erakunde eta boluntario guztiak”.

Antolatutako ekitaldien artetik, azpimarratzekoak dira 75. krosa egingo den asteburuan izango direnak. Hala, ostiral horretan, Elgoibarrek harrera egingo die atletismoaren historiako mito handiei, hain zuzen, Herriko Antzokian ospatuko den “Juan Muguerza 75 urte Gala” handira bertaratuko direnei.
Halaber, ekitaldian, 75 urte hauei buruzko dokumental bat eskainiko da, ETBrekin elkarlanean egiten ari dena, eta horretaz gain, Elgoibarko Musika Eskolako saxofoi taldeak ekitaldi hau girotuko du.

Asteburu horretan bertan, larunbat goizean, txikienak jaun eta jabe izango dira, Danobaten laguntzari esker, Elgoibarko kaleetan izango den haurrentzako atletismo jaian. Asteburuari bukaera emateko, urtero bezala, harrera egingo zaie atletei Udaletxean, eta Krosaren 75. edizioa jokatuko da.

Urtarrilak 12, ostirala:

  • 20:00etan, Herriko Antzokian: Urteurreneko gala, krosaren historian esanguratsuak izan diren atletak, nazio mailakoak eta nazioartekoak, izango dira. Erakundeak, federazioetako ordezkariak eta babesleak gonbidatuko dira, baita Elgoibarko herri guztia ere.
  • ETBk krosaren inguruan egin duen dokumentala emango da.
  • Elgoibarko Musika Eskolako saxofoi taldeak girotuko du ekitaldia.

    Urtarrilak 13, larunbata:
  • 10:30-13:00 Atletismo probak Elgoibarko haurrentzat.
  • 19:30 Harrera ofiziala Udaletxean.

Urtarrilak 14, igandea:

  • 10:00 Krosaren LXXV. edizioa

Informazio gehiago: Krosaren webgunean