Ostegun honetan, abenduak 21, Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak antolatzen duen Kirol Federatuaren Urteko Sariak ekitaldia ospatuko da Musika Eskolako Auditorioan, 20:00etan. Guztira Udal Kirol Patronatuak 17 sari banatuko ditu Elgoibarko kirol taldeek urtean zehar egiten duten lana eskertzeko asmoz.

Sariak banatu baino lehen mahai ingurua antolatu da. Aurten, saskibaloia izango du hizpide eta kirol federatuan eta eskola kirolean saskibaloiak sustatzen dituen balioak landuko dira. 

Mahaikideen artean, honakoak egongo dira, besteak beste: Xabi Oroz (Delteco GBC taldeko jokalaria), Jon Gonzalez (Gipuzkoako Saskibaloi Federazioako Zuzendari Teknikoa, formakuntza ikastaroetako irakaslea eta entrenatzailea), Ainhoa Herrero (Gernika Saski klubeko gazteen taldeko entrenatzailea eta jokalari ohia) eta Asier Murua (Elgoibarko Saskibaloi Taldeko entrenatzailea eta jokalari ohia). Lorea Arakistain kazetariak aurkeztuko du ekitaldia.