mugikortasunarenastea1
  • Udalak egindako inkesten arabera, mugikortasun astea oso ondo edo ondo baloratu dute herritarren %77,36ak.

Elgoibarko Udalak, azaroaren 20-25 bitartean ospatutako Mugikortasun Iraunkorraren Astearen balorazio baikorra egin du. Aurtengoan ere, ekimenaren helburua oinezkoentzat kaleak berreskuratzea izan da, auto pribatua erdiguneko kaleetan gutxituz. Herritarren parte hartzea sustatu eta hauen iritzia jasotzeko xedearekin, udalak berrogeitamar inkesta baino gehiago burutu ditu, 20 eta 70 urte bitarteko elgoibartar eta bisitarien artean. Jasotako emaitzen arabera, inkestatuen %77,36ak mugikortasun astearen baitan antolatutako jarduerak oso ondo edo ondo baloratu dituzte.

Aurten udalerriko mugikortasun plana idazten ari da Udala, beraz horri lotuta jarduera dexente antolatu dira. Azaroaren 20 eta 25 bitartean, kasko historikoaren kaleak motordun ibilgailuentzat itxita egon dira aste guztian zehar. Baina horrez gain, kaleak oinezkoentzat erakargarriagoak egin nahi izan dira, nolabait, kaleak eta plazak, erakusketa areto bihurtuz. Horretarako saltokiek beraien dendako sarrerak apaindu dituzte (loreontziekin, puxikekin, alfonbrekin…) eta hainbat lokal hutsetan herriko artisten artelanak eta argazkiak erakutsi dira.

Hobekien baloratutako ekimenak

mugikortasunarenastea1
mugikortasunarenastea3

Burututako jarduera guztien artean eta jasotako inkesten emaitzen arabera, Kalebarreneko gunea oso ondo hartu zuten herritarrek, bertan eseriz, edo jarritako jostailuekin jolasteko aukera izan baitute. Sortutako gune honi buruzko inkestek erakusten dute, erdigunean honelako gune gehiago sortzearen aldeko interesa egon badagoela, belar naturalaren aldeko apostua eginez.

Zentzu honetan, modu positiboan baloratu da baita, Ikastolako eta Herri eskolako 3 gela bakoitzeko HH5eko ikasleek Elgoibarko udaltzainen partetik jasotako bisita eta eskainitako bide hezkuntzako argibideak. Era berean, bigarren eskuko merkatuari dagokionez, eguraldia lagun izan ez zuen arren, giro ederra sortu zuten Lekuederren Herri eskola eta Ikastolako ikasle eta irakasleek, bidezko merkataritzakoek eta Eibarko Sahara taldekoek. Saldutako jostailu, liburu eta kirol materialaren diruarekin ingurumenarekin lotutako irteera bat egingo dute.

Aipatzekoa da baita, nahiz eta San Frantzisko, San Bartolome, Errosario eta Santa  Ana kaleak itxita egon diren motordun ibilgailuentzat, Udaltzaingoak esandakoaren arabera, zama banaketako enpresek ez dute inongo arazorik izan beraien lana normaltasunez burutzeko.

Artea Elgoibarko kaleetan

Bost egunez, Elgoibarko kale eta plazak, erakusketa gune bihurtu dira. Gemma Monreal, Arturo Andrade, Emi Nogales, Jairo Berbel, Alex Berasategi, Xarlem Creations eta Egur-eko Paula Heras bezalako artistek, herriko 13 lokaletan jarri dituzte ikusgai beraien artelanak eta beste 10etan argazki erraldoiak ere ipini dira. Ikusmin handia sortu dute artelan hauek. Inkestetan jasotakoaren arabera, oinezkoek artelanak ikusgai izatea eskertu egin dute, argia eta bizia eman dielako erdiguneko kaleei. Artelanak ikusteko aukera izateaz gain, “eskaparate berrietako” argiek kaleetan saltoki gehiago daudelaren sentsazioa eman dute, kale giroa sortuz.

Jarduera guzti hauek aurrera eramateko parte hartu duten norbanako eta talde guztiei bere esker ona adierazi nahi die Elgoibarko Udalak. Besteak beste: higiezinen agentziei, lokaleetako jabeei, Kiroldegiko gimnasia taldeari, 60+ taldeari, parte hartu duten saltokiei eta herritarrei, eta Elgoibarko artistei (Gemma Monreal, Arturo Andrade, Emi Nogales, Jairo Berbel, Alex Berasategi, Xarlem Creations eta Egur-eko Paula Heras besteak beste).