kaleneurketa 

  • Elgoibartarren %36k hitz egiten du euskaraz herriko kaleetan. Neurtutako kirol entrenamenduetan, berriz, erabilera %56,6koa izan da.
  • Neurketaren emaitza guztiak

Elgoibarko Udalak hizkuntza-erabileraren aurtengo kale-neurketaren emaitzak aurkeztu ditu jada. Udalak bi edo hiru urtetik behin egin ohi ditu horrelako neurketak, eta azken biak Soziolinguistika Klusterrak egin ditu, Udalak hala eskatuta. Aurten berrikuntza bat ere izan da, lehenengo aldiz haur eta gaztetxoen kirol entrenamenduetan erabiltzen den euskara neurtu nahi izan du Udalak.

Kale-neurketari dagokionez

Guztira, 3.559 elkarrizketa jaso dira (2014an 2.254) eta horietan solaskide izan diren 9.327 herritarren jarduna (2014an 6.246). Oro har, elkarrizketen % 35,9 izan da euskaraz, beraz, 2014ko neurketarekin alderatuz, 3,8ko beherakada eman da. Kontuan izan behar da baina 2014ko neurketan baino 1.305 elkarrizketa gehiago jaso direla.

Elgoibarren, inguruko herrietan bezala, haurrak dira euskara gehien erabiltzen dutenak (% 55,3). Ondoren, helduak eta gazteak agertzen zaizkigu, eta azkenik, adinekoak ditugu. Horren ondorioz, haurrak nagusi diren giroa da euskaldunena, paseo eta jolaslekuetan erabilera % 43,1ekoa izanik.

Ondorio nagusi gisa, badirudi Elgoibarren euskararen erabilerak goia jo duela, azken zazpi urteotan %37 ingurukoa izan baita erabilera, aldi berean, kezkagarria da, batez ere, gazteen eta helduen erabilera eskasa, horietako asko euskaldun alfabetatuak direla kontuan izanik. Kezkagarria baita ere etxetik kanpoko familia giroan eta paseo eta jolaslekuetan eman den  jaitsiera

Ondorioak

  • Elgoibarko kaleetan entzundako elkarrizketetan 10etik 3,6 euskaraz izan dira.
  • Euskara edo gaztelera ez diren beste hizkuntza batzuk ere entzun dira, %2,2.
  • Giro batetik bestera alde nabarmenak daude euskararen erabileran. Paseo eta jolaslekuetan entzun da euskara gehien (%43,1) eta gutxien erosketa giroan (%23 inguru). Tartean dira ikastetxeetako irteeretako erabilera (%35,2), gazte giroa eta txikiteo giroa (30,8) eta etxetik kanpoko familia giroa (%28).
  • Ikastetxeetako irteeretako datuen bataz bestekoa %35,2 bada ere, ikastetxe batetik bestera alde handiak daude. Ikasleen adinarekin lotura zuzena du ikastetxeetako irteeretan jasotako erabilera datu orokorrak.
  • Oro har, neurtutako giro guztiak kontuan hartuta, haurrek (2-14 urte) gazteek (15-24 urte) baino dezente gehiago hitz egiten dute euskaraz; hurrenez hurren, %55,3 eta %25,1.
  • Adinaren araberako hurrenkera honako hau da: Haurrek %55,3, helduek %32,5, gazteek %25,1 eta adinekoek %24,5.
  • 2014ko neurketarekin konparatuz, haurrak izan dira erabilerari eutsi dioten bakarrak, gainerakoen erabilerak behera egin du, eta bereziki, gazteen artekoak, hemen jaitsiera 9 puntukoa izan da.
  • Gazteen erabileran jaitsiera eman da, baina badirudi nerabeen erabilera urria (ikastetxeetako irteeran neurtu dena) gero pixka bat berreskuratzen dela gazte helduen erabileran (txikiteo eta gazte giroan), %25,1 izatetik %30,8 izatera pasatzen baita.
  • Oro har, emakumezkoek (%39) gizonezkoek (%31,5) baino gehiago hitz egiten dute euskaraz kalean. Kirol neurketan ere hala izan da.
  • Eta, haurren presentziak nabarmen areagotzen du euskararen erabilera. Nagusiak bakarrik daudenean erabilera %22,7koa da, eta haurrekin daudenean erabilera %58,9koa izatera pasatzen da.

Euskeraren erabilera kirol entrenamenduetan

Eskola kiroleko, eskubaloiko eta futboleko entrenamendu batzuk neurtu dira, eta adintartea 8-13 urte. Guztira 2.078 elkarrizketa jaso dira eta 6.118 solaskide. Euskararen erabilera orokorra entrenamendu horietan %56,6koa izan da.

Entrenatzaileen erabilera %64,5ekoa izan da eta jokalariena %63,8koa baina entrenamenduak ikustera joaten den jendea ere neurtu da eta ikusle horien erabilera %34 ingurukoa izan da, beraz, horrek eragina izan du erabilera orokorraren datuan.

Kirol jarduera batetik bestera dagoen aldea nabaria da: Eskola kirolean ematen da erabilerarik altuena, %76,7koa, jarraian, Eskubaloian, %59,6koa, eta azkenik, Futbolean, %30,4koa. 

Ondorioak

  • Kirol entrenamenduetan jaso den erabilera orokorra %56,6koa bada ere, azpimarratzekoa da bai jokalariek baita entrenatzaileek ere 63tik gorako erabilera erakutsi dutela.
  • Badirudi adinean gora, 11-12 urtetik gora, gaztelaniarako joera gehiago ematen dela.
  • Kirol entrenamenduetan ere, emakumezkoek (%71,1) gizonezkoek (%47,6) baino gehiago hitz egiten dute euskaraz.