San Roke auzoko planoa

  • Udalak, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak San Roke eta Arreiturre kaleetako ur-hornikuntzako sarea berriztatzeko eta sektorizatzeko lanak aprobetxatuko ditu hobekuntzak burutzeko.
  • Kontsortzioaren lanak urrian hasiko dira, 16 aste iraungo dutela aurreikusten da eta guztira 231.342,84 euro inbertituko dira.

Gipuzkoako Ur Kontsortzioak Elgoibarko ur-hornikuntzako sarea berriztatzeko eta sektorizatzeko lanen barruan udalerrian berriztatzeke dauden fibrozementuzko sareak progresiboki ordezkatzen jarraituko du.

Honako honetan San Roke eta Arreiture kaleetako hoditeria aldatuko da. Guztira 858 m fibrozementuzko hodi izango dira aldatuko direnak. Lan hauen helburua bikoitza da: batetik, ur-hornikuntzako saretik fibrozementu materiala kentzea; eta bestetik, sarearen antzinatasuna dela eta sortzen diren matxurak, ur emariak eta kalteak murriztea.

Hoditeria berria egungo lineekiko paraleloan jarriko da ur hornidura zerbitzuari ez eragiteko. Hau egitea ezinezko den tarteetan behin-behineko by-pass bat egitea aurreikusten da.

Berritu beharreko hoditeriaren ibilbidea dela eta, ibilgailuen gaineko eragina nabarmena izango da. Edonola ere, ibilgailuen zirkulazioari edota oinezkoen igarotzeari dagozkien eraginak (mozketak, saihesbideak...) Udaltzaingoarekin eta Bulego teknikoarekin koordinatuko dira, obrak eta alternatiba guztiak uneoro ongi seinaleztatuta egon daitezen. Gipuzkoako Ur Kontsortzioak informazio oharrak jarriko ditu kaltetutako gunean, eta obrek irauten duten bitartean sor daitezkeen kalteen inguruko informazioa emango du.

Lan hauek egingo direla aprobetxatuz, Elgoibarko Udalak San Roke kaleko espaloi batzuk konpondu eta zabalduko ditu. Kontsortzioak obra osoa burutzeko 16 aste beharko dituela aurreikusten du. Lanak urrian hasiko dituzte eta guztira 231.342,84 euro inbertituko dira.