kirolargaz2016 1

  • Partaide bakoitzak gehienez 4 argazki aurkeztu ditzake Olaizaga Kiroldegian
  • Guztira 1.450 euro banatuko dira sarietan, 4 maila desberdinetan: Herritarrentzako saria, Nerabeentzako saria, Gazteentzako saria eta sari Orokorra.

Elgoibarko Udalak, Udal Kirol Patronatuak eta Udaleko Haur eta Gazteen Sustapen Sailak, Ongarri Argazkilari elkartearekin lankidetzan antolatutako Elgoibarko Kirol Argazkien lehiaketako XI.edizioan parte hartzeko epea uztailaren 15 bukatzen dela jakinarazten du.

Argazki lehiaketa honetan nahi duten zaletu guztiek har dezakete parte, bai profesionalek, bai amateurrek. Gaia kirolaren arlo guztiak izanik partaide bakoitzak gehienez ere 4 argazki aurkeztu ditzake helbide honetan: Olaizaga kiroldegia, 32 posta kutxatila, San Roke Kalea 1, 20870 Elgoibar.

Guztira 1.450 euro banatuko dira sarietan, 4 maila desberdinetan: Herritarrentzako saria, Nerabeentzako saria, Gazteentzako saria eta sari Orokorra.

Argazkien aurkezpenerako bete beharreko zenbait baldintza

Modalitatea: paperean egindako argazkiak, koloretan nahiz zuri beltzean. Irudiak tratatzeko edozein prozedura edo teknika onartuko da.

Paperean aurkezten diren argazkien euskarria 30x40 zentimetrokoa izango da ezinbestean, eta kartulina finez eginikoa. Euskarri horren barruko argazki‐paperaren handieneko neurria 24x30 zentimetrokoa izango da.

Lanak: partaide bakoitzak, esan bezala, gehienez 4 argazki aurkeztu ahal izango ditu. Lanek originalak beharko dute izan. Ezin dira aurkeztu beste lehiaketa batean saritutako lanak.

Argazkien identifikazioa: argazki bakoitzaren atzean izenburua edo leloa eta zein mailatara aurkezten den jarriko da ( nerabe, gazte ala heldu ). Argazki bakoitzarekin batera, kartazal bat aurkeztuko da argazkiaren izenburu edo lelo bera duena. Kartazal horren barruan lehiakidearen datuak jasoko dira; izen‐abizenak, NANa, adina, helbide osoa, emaila, telefono zenbakia eta kontu korronteko zenbakia (20 digituak, IBAN‐arekin). Datu hauek nahitaezkoak izango dira saria jaso ahal izateko. Antolatzaileek ez dute erantzukizunik izango, sarituek, sariak eman ostean, haiekin harremanetan jartzeko behar diren datuak ematen ez badituzte. Hortaz, argazkilari sariduna antolatzaileekin harremanetan jartzen ez bada, antolatzaileek bidezkoa den erabakia hartuko dute.

Mailak eta sariak:

  1. Herritarrentzako saria: Elgoibarren bizi direnek aurkeztutako argazkirik onena sarituko da. Saria: 200 €
  2. Nerabeentzako saria: 13‐17 urte bitarteko nerabeak, Elgoibarkoak edo eta kanpokoak. 1.Saria: 150 € ; 2.Saria: 100 €
  3. Gazteentzako saria: 18‐ 30 urte bitarteko gazteak, Elgoibarkoak edo eta kanpokoak. 1.Saria: 300 € ; 2..Saria: 200 €
  4. Sari orokorra: (30 urtetik gorakoentzat): elgoibartarrak, nahiz kanpokoak. 1.Saria: 300 € ; 2. Saria: 200 €

Ohar garrantzitsua:

Saridunek saria jasotzera etorri beharko dute eta ezinezkoa bazaie ordezkariren batek jaso beharko du. Sari banaketan ez bata ez bestea egongo ez balitz, saria baliogabetu egingo da.

Epaimahaia uztailaren 27an bilduko da, eta honela osatuta egongo da: Elgoibarko Udaleko lau ordezkari eta Ongarri argazkilari elkarteko ordezkari bat. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da.

Sari banaketa, abuztuaren 22an, arratsaldeko 19:30ean izango da , Kultur Etxean.

Epaimahaiak aukeratzen dituen argazkiak erakutsiko dira jendaurrean, abuztuaren 22tik 31ra bitartean ( Abuztuaren 25a itxita), Kultur Etxean. Ordutegia: 18:30 – 20:30

Argazki sarituak antolatzaileen esku geratuko dira, eta horiek izango dira argazkiak argitaratzeko eskubidea izango dutenak, beti ere, egilearen izena aipatuta. Saritu gabeko lanak jasotzeko epea irailaren 7tik 23era izango da. Lanak Olaizaga Kiroldegian jaso ahal izango dira. Epe horren barruan jasotzen ez diren lanak antolatzaileen esku geratuko dira.

kirolargaz2016 2