• argazkia2016070502
  • Jarduerei dagokionez, alde batetik, Pedro Mugurutzako eskola zaharrean lokal bat egokituko da grafiti tekniken bidez eta bestetik, mendi bideetako balizatua aztertu eta hobetuko da.
  • Guztira, estatuko hainbat lekutatik etorritako 16 gaztek hartuko dute parte uztailaren 4tik 18ra garatuko den auzolandegi honetan

Elgoibarko Udalak ongietorria egin die estatuko hainbat lekutatik etorritako eta uztailaren 4tik 18ra, Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan antolatu eta martxan
jarriko duen auzolandegian parte hartuko duten 16 gazteei. Ane Beitia, Elgoibarko alkatea, Iosu Arraiz, Hirigintza zinegotzia eta Maialen Gurrutxaga, Haur eta Gazteria zinegotzia izan dira udalbatza aretoan ospatu den ongietorria emateko ardura izan dutenak. Alkateak, auzolandegian parte hartuko dutenei eskerrak eta ongietorria emateaz gain, herriaren hainbat ezaugarri azaldu zizkien gazteei. Era berean, elgoibartarren artean egonaldi atsegina izan zezatela opatu zien.

Hormen egokitzapena grafiti teknikak erabiliz eta mendi bideetako seinaleen hobekuntza.

Auzolandegian parte hartuko duten 16 gazteak, 18 eta 26 urte bitartekoak izango dira eta guztira, bi ekintza oso desberdinak egingo dituzte, ondarea berreskuratu eta
ingurumena hobetzeko helburuarekin. Osagarriak izango dira elkarren artean, eta horiei esker, auzolandegia erakargarriagoa izango da.

Alde batetik, Pedro Mugurutzako eskola zaharrean lokal bat margotuko da herriko elkarteek emango dien erabilera berrira egokitzeko. Hormak prestatu eta margotu
egingo dira eta grafitia egingo da.

Beste alde batetik, Gipuzkoako Mendi Federazioak zehaztu dituen jarduerak egingo dira, Elgoibarko Udalak dituen 3 PR ibilbide homologatuen homologazioa mantentzeko. PR-GI 156 ibilbidean orientatzeko balizatua aztertu eta hobetuko da. Udalerriko landa inguruaz gozatzeko aukera izango dute eta bideak egoera onean kontserbatzeko ekarpena egingo dute.

argazkia2016070501Animazio jarduerak

Animazio taldeak hainbat ekintza proposatuko ditu, auzolandegiko partaideen eta auzolandegia hartuko duen komunitatearen arteko harremanak sendotzeko eta lanak
garatuko diren ingurunea hobeto ezagutzeko.

Gainera, zenbait ekintza prestatuko ditu Euskal Herriko kultura eta ohiturak ezagutarazteko (kirol jarduerak, jolasak, txangoak, bisitaldi kulturalak…). Animazio
taldeak kontuan hartuko ditu boluntarioen proposamenak. Ekintza horiek guztiak arratsaldero eta asteburuetan egingo dira, eta bertan auzolandegiko kide guztiek parte
hartuko dute. Igerilekura joateko aukera ere izango dute.