argazkia2700

Udal korporazioan ordezkaritza duten hiru alderdi politikoek (EAJ, EH Bildu eta PSE) osatzen duten Elgoibarko Hondakinen Mahaiak akordio bat lortu du herrian sortzen diren hondakinen % 60 gaika jaso ahal izateko.

Astelehen honetan bertan sinatu den akordioan ageri denaren arabera, Elgoibarko Udalak eskualdeko Mankomunitateari hainbat neurri har ditzala eskatuko dio, ahal diren hondakin gehienak “murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko”.

Horrexegatik, Elgoibarko Hondakinen Mahaiaren nahia da gaur egun indarrean dagoen bilketa sisteman hainbat aldaketa egitea. Espero dutenez, aldaketarik esanguratsuena “datorren urtearen hasieran jarriko da abian”, eta horri esker, herriko kaleetan dauden edukiontzi berdeak kenduko dira. Horien ordez, edukiontzi grisak jarriko dira, eta bertan errefusa bakarrik utzi ahal izango da, hau da, gainerako edukiontzietan (beira, papera, ontziak eta materia organikoa) utzi ezin diren hondakinak.

Horretaz gain, aipatzekoa da, edukiontzi marroiarekin gertatzen den bezalaxe, ontzi grisa irekitzeko ere, txipa jarriko dela, eta beharrezkoa izango dela edukiontzia irekitzeko txartela erabiltzea.

Neurri honen bidez, herritarrek gaika utzi beharko dituzte hondakinak edukiontzietan, eskualdeko beste hainbat herritan, hala nola, Deban edo Mutrikun, irailetik aurrera gertatuko den bezalaxe.

Hondakinak biltzeko sisteman aldaketa horiek ezarri ostean, Hondakinen Mahaiak urtebeteko epea emango du sortutako hondakinen % 60 gutxienez gaika jaso ahal izateko. Ezarritako helburua betetzen ez baldin bada, “neurri zuzentzaileak txertatuko dira ezarritako helburua lortu ahal izateko”.

Udalak, gainera, hitzematen du sentsibilizazio kanpainak egingo dituela, hondakinen prebentzioan eta berrerabileran oinarritutako politikak bideratuko dituela (bigarren eskuko azokak, tupperrak, jaietan eta ekitaldietan behin baino gehiagotan erabil daitekeen baxera...) eta auzo-konposta egiteko guneak ezartzeko aukera aztertuko duela.

argazkia2700b