Erlazionatutako informazioa:

 uparitzagako etxeak

 Elgoibarko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak abuztuan sinatutako hitzarmenaren arabera, Uparitzaga kaleko hamaseian, Herriko Antzokiaren parean, babes ofizialeko 15 etxebizitza eraikiko dira.

Lanak hastear daude eta bi urtez luzatuko direla aurreikusten da. Bi eta hiru logelako etxebizitzak izango dira. Hala, Uparitzagako etxebizitzen zozketan parte hartzeko, aurrez, Etxebiden (Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan) erosketa erregimenean izena emanda egon behar da; eta, ezinbestekoa da, gutxienez, 2013ko irailaren 15etik Elgoibarren erroldatuta egotea.

Gainera, kokapen aukeretan, Elgoibar aukeratuta izatea ezinbestekoa da. Prozesu osoaren kudeatzailea Etxebide izango da. Etxebidek gutunak eta mezu elektronikoak helaraziko dizkie eskatzaileei informazio guztia xehetasunez azaltzeko, eta horiei erantzunez, interesdunek izena emango dute zozketarako, abenduaren 9tik 23ra arteko epean.

Ordurako, baldintzak beteta izan beharko dituzte eskatzaile guztiek. Baldintza ekonomikoei dagokionez, 2014ko zergaldian 9.000 eta 39.000 euro bitarteko diru-sarrera haztatuak izatea eskatzen da. Mugikortasun murriztua duten desgaituen, desgaitu psikikoen eta genero-indarkeriaren biktimen kasuan, aldiz, gutxienez, 3.000 euroko diru-sarrerak eskatuko dira.