Inauteriak ospatuko ditu Elgoibarrek otsailaren 16tik 21a bitartean

  • Musika Eskolako inauterietako kalejira, ikastolako euskal  inauteriak, mozorroen eta karrozen desfilea, bertsio gaua eta beste hainbat dira hiru egun horietarako antolatutako egitaraua, herritar ororen gozamenerako. 
  • Horrez gain, ludotekak eta gaztelekuak egitarau berezia eskainiko dute aste osoan zehar eta hilaren 21ean, inauterien amaiera ekitaldi gisa, Kantu kolore haur musika taldeak ekitaldia eskainiko du Herriko Antzokian. 

Aurrera doa otsaila eta konturatzerako, heldu dira inauteriak Elgoibarrera. Koloreak, musikak, mozorroak eta festak herriko kaleak hartuko dituzte datorren ostegunetik hasita asteartea bitartean eta elgoibartarrek, haur gazte zein helduek, ekintza egitarau anitza izango dute inauteriez gozatzeko.

Otsailaren 16an, ostegun gizen edo egun zurian, alegia, Musika Eskolako inauterietako kalejirak arratsaldeko 17:30ean emango die hasiera inauteriei. Musika Eskolako ikasleek herriko kaleak zeharkatuko dituzte, Elgoibar zein elgoibartarrak festa giroan murgilduz. Kalejira Musika Eskolan hasi eta amaituko da eta eguraldi txarra eginez gero, ekitaldia Maalan eskainiko da. 

Ostiralean, otsailak 17, Ikastolako euskal inauteriak ospatuko dituzte Elgoibarko ikastolako ikasleek. Hauek ere kalejira koloretsu bat egingo dute herrian zehar 15:00etan hasita 16:15 bitartean. Ibilbidea Kalegoen plazan amaituko dute, nola ez, dantza eginez. Kasu honetan, eguraldi txarra izanez gero, ekitaldia ikastolan bertan egingo da. Gauean, 23:00an, Sinuöse-ren inauterietako XXVII. Kontzertua eskainiko da Kultur Etxeko sotoan. 

Larunbata, halaber, Elgoibarko inauterien egun handia izango da. Goizean, 12:15ean, esaterako, marrazki lehiaketako sari banaketa egingo da Kalegoen plazan eta 12:30ean, herri dantzen kale erromeria eskainiko du Inguma taldeak. Festak jarraipena izango du arratsaldean; lehenbizi, atxutxikaraokea egingo da Maalako parkean, arratsaldeko 17:30etik 19:00etara. 2-12 urte bitarteko haurrei zuzendutako ekitaldia da eta bertan euskal abestiak kantatu eta dantzatuko dira.  19:00etan, aldiz, mozorroen eta karrozen desfilea abiatuko da, hain zuzen, Maalako parketik Kalebarren plazara. Desfilea, noski, Mauxitxa txarangak eta erraldoi, buruhaundi eta zezenzikletek girotu eta alaituko dute. Eta egun handiari amaiera emateko, gaueko 00:00etatik 02:00etara, bertsio gaua egingo da taldeka edo bakarka aukeratutako abestiak kantatu edota antzezteko (play back-a). Aurretik edo egunean bertan eman ahalko da izena.

Bi eguneko atsedenaldiaren ostean, asteartean, otsailak 21, amaiera emango die Elgoibarrek inauteriei. Horretarako, Kantu Kolore taldearen ‘Esna zaitez’ haur ikuskizun musikala eskainiko da, arratsaldeko 17:00etan, Herriko Antzokian. Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude https://herrikoantzokia.eus webgunean, egunero, 18:15-20:45 bitartean eta egunean bertan antzokiko leihatilan ere erosi ahal izango dira. 

Horrez gain, dantzaldia eta mozorro lehiaketa egingo da jubilatuen biltokian, arratsaldeko 17:30etik 20:30era eta bi sari banatuko dira mozorroturik daudenen artean. Amaitzeko, 18:15ean Mauxitxa txarangaren kalejira irtengo da Maalako parketik erraldoi, buruhaundi eta zezenzikletekin batera. 

 

Egitarau berezia ludotekan eta gaztelekuan

Aipatu ekintzez haratago, ludoteka zein gaztelekuak ere egitarau berezia eskainiko dute aste guztian zehar, inauteriak direla eta. Ludotekak, esaterako, otsailaren 14tik 18rainoko inauterietako egitaraua antolatu du eta gaztelekuak, aldiz, otsailaren 15etik 19rainokoa. 

 

Zinea, bideo foruma eta informazio mahaia

Inauteriez haratago, Elgoibarrek ohiko zine eskaintza eta bestelako kultur ekintzak mantenduko ditu. 

Hilaren 17an, ostirala, bideo forum saioa eskainiko da 18:30ean Lilan, Haizeak antolatuta. Bertan ‘Amor bajo espino blanco’ filma jarriko da eta amaieran, mokadutxoa eskainiko zaie bertaratzen direnei. 

Ostegunean, halaber, otsailak 23, Minbiziaren aurkako Elkartearen informazio mahaia egingo da Kalebarren plazan, goizeko 10:00etatik 13:00etara. 

 

Zinea

  • Tar: otsailak 17, 18, 19 eta 20
  • El gato con botas: el último deseo: otsailak 19

Sarrerak: normala 6 €. Gazte-txartela: 3 €. Ikuslearen eguna: 4 €sarrera. Bonuak ez dira zigilatuko. Haurrentzako saioa: Haurrak 3 €/ Nagusiak 5 €.