Ikasleek bertso doinuekin eman diote amaiera ikasturteari 

COVID-19aren pandemiaz geroztik, bertso-jaialdiak ikastetxeetan antolatzen dira.

LH4ko eta LH5eko 250 ikasle inguruk parte hartzen dute ikasturtero Elgoibarko Udalak finantzatutako eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak gidatutako “Gu ere bertsotan” egitasmoan. Ikasleek, ohikoa denez, astean ordubete eskaini diote ahozkotasuna lantzeari, eta bertsoa izan dute horretarako bitarteko tresna. Eneko Beretxinaga soraluzetarrak zuzendu ditu aurtengo ikasturteko saioak, eta lau arlo landu dituzte nagusiki: hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonalak nahiz sozialak. Ikasturte honetakoa 17. edizioa izan da.

2020. urtera arte, ikasturte bukaerako jaialdia antolatzen zuten Udalak eta Bertsozale elkarteak ikastetxeetan landutakoa gurasoei erakusteko asmoz, baina pandemiaren eraginez, bertan behera geratu dira jaialdi horiek, eta azken bi ikasturteetan, eskolan bertan antolatu behar izan dira. Aurten ere, horrela egin da. Dena dela, Udalak ikasleek egindako lana erakutsi nahi izan du, horregatik, LH5ekoen jaialdia grabatzeko baliabideak jarri ditu eskolen eskura. Lotura honetan ikus daiteke 11 ikusteko enpresaren laguntzaz egindako bideo laburpena: Gu ere bertsotan.

Bideo laburpen hori eskolen web atarietan ere jarriko du Udalak ikusgai. Honen helburua izango da, alde batetik, egitasmoan parte hartu duten ikasleen gurasoek eta, oro har, herritarrek egitasmo honen berri izatea, eta bestetik, ikasleek egindako ahaleginaren emaitza erakustea.

Aitor Tatiegi bertsolariaren bisita Bertso Eskolan

Astelehenean, ekainak 13, bestalde, Aitor Tatiegi bertsolari gaztearen bisita jaso zuten Bertso Eskolako ikasleek. Bertso Eskolako irakasle den Eneko Beretxinagak esan bezala, mokadutxo batekin, eta gazte oñatiar honen bertsoez lagunduta eman zioten amaiera Bertso Eskolako ikasleek ikasturteari.

“Alpistegia” bertso antzerki musikatua 

Astearte honetan, berriz, ikasturte honetako bertso jardunari amaiera emateko, Kultur Etxeko sotoan elkartu dira Ikastolako eta Herri Eskolako LH5eko ikasleak. Bertan, Udalak, Lankuren bidez, antolaturiko “Alpistegia” bertso antzerki musikatua ikusteko aukera izan dute, eta ez hori bakarrik, antzezlanean ere modu aktiboan parte hartu dute, ikuskizunaren bukaeran bertsotan aritzeko aukera izan dutelako. Antzezlanean landutako gaia osasuna izan da, eta osasuntsu egoteko egin beharrekoaz jardun dute.