Hilabete eta erdian 30.500 erabiltzaile izan dituzte Mintxetako igerilekuek, iaz baino %14 gehiago

Ekainean 9.767 pertsona sartu ziren Mintxetako igerilekura eta uztailean 20.665 pertsona.

Erabiltzaile batzuk itzalkinak jartzeko tripode gehiago behar direla eskatu dute eta ekainean eta uztailean 100 tripode gehiago erosi dira; guztira 330 daude.

Jarrera desegokiak izan dira Mintxetako aldageletan. Udalak errespetua eta ardura eskatzen du zerbitzu eta instalakuntza publikoen babeserako.

Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak, udako denboraldiaren erdia bete denean, Mintxetako igerilekuetara ekainaren 11tik uztailaren 26ra 30.432 erabiltzaile sartu direla jakinarazi du. Arrakastatsua da datua kontuan hartuta 2021an 26.834 eta 2020an 25.000 erabiltzaile izan zirela denbora tarte berean. Aurten, iazko urtearekin alderatuta, %14 erabiltzaile gehiago ibili da Mintxetan.

Ekainean 9.767 pertsona sartu ziren Mintxetako igerilekura, bi egunetan bakarrik gainditu da 1.000 pertsonako kopurua: ekainaren 18an 1.310 erabiltzaile eta ekainaren 28an 1080 erabiltzaile.

Uztailean 20.665 pertsona sartu dira igerilekura. Pasa den urtean 8 egunetan gainditu bazen 1.000 pertsonako kopurua, aurten 14 egunetan gainditu kopuru hori. Nabaritu da aurten pasa den urtean baino egun eguzkitsu gehiago izan direla. Uztailaren 22ª izan zen egunik jendetsuena: 1.622 pertsona. Egun horretan bakarrik gainditu da igerilekuak duen aforoaren erdia, kontutan izanik aforoa 3.000 pertsonakoa dela.

Udal Kirol Patronatutik nabarmendu dutenez, “eguraldi eguzkitsuak eta beroak asko lagundu dute igerilekuetara jendea hurbiltzeko. Egun gehiago eta jarraian izan ditugu eta jendeak egun gehiagotan aprobetxatu ahal izan du igerilekua. Erabiltzaileen bataz bestekoa aurreko urteetan izan denaren antzekoa izan da. Aforoaren erdira hurbiltzen da erabiltzaile kopurua baina berdegunean badago tokia jende gehiagorentzat”.

tzalkinak jartzeko tripode gehiago

Erabiltzaile batzuk itzalkinak jartzeko tripode gehiago behar direla eskatu dute eta ekainean eta uztailean 100 tripode gehiago erosi ditu Udal Kirol Patronatuak eskaera honi erantzuna emateko. Guztira 330 tripode daude momentu honetan.

Hala ere, ur jolasen eta mahaien eta zuhaitzen ondoko berdegunean 8.000 metro karratu daude erabiltzaileen eskura bertan itzalkinak tripoderik gabe jartzeko. Igerileku ondoko berdegunean ureztapen eta drenatze sistemak daudenez tripodeen erabilera derrigorrezkoa da baina goialdeko berdegunean tripodeen erabilera ez da beharrezkoa bertan ureztapenik eta drenatze sistemarik ez dagoelako.

Jarrera desegokiak Mintxetako aldageletan

Hainbat erabiltzailek izan duten jarrera ez da izan egokia, aldagelak komuneko paperaz zikindu izan dute sarritan, paretak grafitiekin margotu dituzte edota sorosleekin eta harrerako langileekin jarrera desegokia izan dute. Zigorrak eta bestelako neurriak jarri izan ditu Udal Kirol Patronatuak.

Udalak errespetua eta ardura eskatzen du zerbitzu eta instalakuntza publikoen babeserako.