Gipuzkoako Foru Aldundiak Elgoibarko Pilarren egoitza, eguneko zentroa eta aparkalekua eraikitzeko lizitazioa onartu du

  • Eider Mendoza foru diputatuak nabarmendu duenez, “azpiegitura berria zentro berritzailea izango da, eta Elgoibarko eta Debabarrena eskualde osoko egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko gai izango da”.
  • Ane Beitia Elgoibarko alkateak azpimarratu du “urrats irmoa eta behin betikoa da Errezabal laster errealitate izan dadin”.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak gizarte-zerbitzuen ekipamendu bat eraikitzeko lizitazioa onartu du. Ekipamendu horrek honako zerbitzu hauek izango ditu: adinekoentzako egoitza bat, eguneko zentro bat (40 plaza) eta 140 eta 150 plaza bitarteko aparkaleku bat, Elgoibarko El Pilar ikastetxearen lurzatian. Gunea eraikitzeko eta kudeatzeko lizitazioaren aurrekontua 21 milioi euro baino gehiagokoa da.

Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatu eta Aldundiko bozeramaileak nabarmendu duenez, “instalazio modernoak, irisgarriak eta komunitatera konektatuak” izango dira.

Mendozak azpimarratu duenez, “azpiegitura berria zentro berritzailea da, eta Elgoibarko eta Debabarreneko eskualdeko egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko gai da”.

“Asmo handiko proiektu kolaboratiboa da, adineko eta mendeko pertsonak zaintzeko, hurbiltasunetik eta pertsonalizaziotik abiatuta”, adierazi du. Aldez aurreko azterlanen arabera, egoitza berriak 10.500 metro karratuko azalera izango du gutxi gorabehera, eta 12-18 pertsonako bizikidetza-unitate txikiek osatuko dute. Gela gehienak banakakoak izango dira, eta komunitateari irekita egongo da, inguratzen duten berdeguneekin, egonleku zabalekin, jantokiekin eta kafetegiarekin.

Bestalde, Ane Beitia Elgoibarko alkateak azpimarratu du urrats irmoa eta behin betikoa dela Errezabal laster errealitate izan dadin. “Aldundiarekin lankidetza estuan ari gara lanean, Errezabal Egoitza legealdiko proiektu garrantzitsuenetako bat baita Elgoibarko Udalarentzat. Proiektu konplexua eta oso delikatua da, eta etengabe eta inplikazio osoz ari gara lanean. Asmo handiko proiektu kolaboratiboa da, adineko eta mendeko pertsonak zaintzeko, hurbiltasunetik eta zaintza pertsonalizaziotik abiatuta. Elgoibartarrengan eragin zuzena izango du, herritarrei, hurbilen duten eremuan, zaintza-zerbitzu eta gizarte-arlo aurreratu eta kalitatezkoa eskainiz. Apustu estrategiko partekatua tokiko eta Gipuzkoako herritarren bizitza hobea, errazagoa eta seguruagoa izan dadin”.

“Egoitza berria izango da Elgoibarko tokiko zainketa-ekosistemaren ardatza”, eta, Mendozak azaldu duenez, “irisgarria eta ingurunera konektatua” izango da. “Gipuzkoa aurrera doa arreta eta zaintza eredu komunitarioago baterantz, eta pertsona bakoitzaren behar eta eskaeretan zentratzen da”, esan du, eta gaineratu du gizarte-eredu hori “bere egiteko modu batean oinarritzen dela, hirugarren sektorearen lankidetzarekin eta esperientziarekin, eta gizarte-zerbitzu eta -politiken sistema finkatu batean, eraldatzeko eta egokitzeko gaitasun handia duena”.